2022ko Martxoaren 8a

Maria Jesus Aranburuk eta Esther Larrañagak jaso dute Gipuzkoako Aldundiaren aitortza

Julene Frantzesena 2022ko mar. 8a, 10:10

Atzoko ekitaldian omendutako kide guztiak Antzoki Zaharreko agertokian –ezkerretik bigarrena da Larrañaga eta eskuinetik seigarrena Aranburu–. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Azken lau hamarkadetan Gipuzkoako politikan eta instituzioetan aitzindariak izan diren emakumeei aitortza egin zien atzo foru erakundeak Donostiako Antzoki Zaharrean. Besteak beste, mahai ingurua eskaini zuten Gipuzkoako politikagintzan aitzindari izan ziren emakumeetako batzuek, eta bidea egin zuten emakume horien testigantzak biltzen dituen Haziak dokumentala ere aurkeztu zuten.

Azken lau hamarkadetan Gipuzkoako politikan eta instituzioetan aitzindariak izan diren emakumeei aitortza egin zien atzo Foru Aldundiak. Donostiako Antzoki Zaharrean egin zuen ekitaldia erakundeak, Haziak izenburupean, eta han izan ziren hainbat esparrutan, alderditan nahiz erakundetan ordezkaritza izan duten emakume hainbat; tartean bi azpeitiar, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako lehen foru diputatua eta Esther Larrañaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehen emakume presidentea.

Atzo omendutako emakumeen testigantzak eta elkarrizketak bildu ditu foru erakundeak Haziak izeneko ikus-entzunezkoan, eta atzo estreinatu zuten lana. Gainera, haren emanaldiaren ostean, aitzindari izan ziren emakumeetako batzuek solasaldia eskaini zuten, Juan Carlos Etxeberria kazetariak gidatuta: Begoña Amunarriz (EAJ), Anttoni Nazabal (HB), Gema Zabaleta (PSE-EE), Lola Arrieta (Alderdi Komunista) eta Maria Jose Usandizaga (UCD-PP). Bestalde, Klara Mendizabal abeslariak hainbat abesti eskaini zituen.

Gaur egun, Arabako, Bizkaiko nahiz Gipuzkoako erakundeetan kargu politikoak dituzten hainbat lagun izan ziren atzoko ekitaldian, baita zenbait herritar ere. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak hitza hartu zuen saioan, eta hark "berdintasuna erein" dutela adierazi zien omendutako emakumeei. Hark adierazitakoaren arabera, euskal politikan eta erakundeetan aztarna ireki duten emakumeen lana "eredugarria" da gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat. "Zuetako bakoitzak, hainbat alderdi eta tradizio politikoren barruan, hautsi egin dituzue gizarteak ezarritako kristalezko sabaiak eta estereotipoak".

Olanoren arabera, "beharrezkoa" da aitortza kolektiboa, Gipuzkoako gizartea berdintasun eraginkorrentzat eta errealerantz eraldatzeko". Era berean, emakumeen ekarpena, askotan alde batera utzia izan dela gogorarazi du hark, baina "Euskadiren instituzionalizazio prozesuan, autogobernuaren eta politiko publikoen garapenean, bizikidetzaren eta kultura politiko demokratikoaren aldeko konpromisoan funtsezkoa" izan dela uste du. Gizartearen esparru guztietan "berdintasunerantz jauzia" ematea beharrezkoa dela ere esan du. "Jauzi horrek esan nahi du guztiok, gizon eta emakume, gure jarduera publikoaren erdigunean berdintasunaren agenda ezartzea, gizartea eraldatzeko politiko publikoen bitartez, maila guztietan benetako berdintasun eraginkorra lortzeko".

Hona hemen Haziak ikus-entzunezkoa:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide