Orientazio proba antolatu dute martxoaren 20rako

Julene Frantzesena 2022ko mar. 8a, 10:42

Gipuzkoako Orientazio Ligaren barruko proba izango da, 09:30ean hasita. Udalak eta Orientazio Taldeak herriguneko nahiz Izarraitz eremuko plano bereziak prestatu dituzte. Ostegun honetan orientazio kirolaren inguruko saioa izango da Baigeran. Dagoeneko eman daiteke probarako nahiz ikastarorako izena.

Martxoaren 20an, igandez, lehen aldiz, orientazio proba bat izango da Azpeitian. Udalak eta Gipuzkoako Orientazio Taldeak elkarlanean egin dute halako probak antolatzeko lanketa, eta besteak beste, proba horietarako beharrezkoak diren plano bereziak ere egin dituzte. Udalak azaldu duenez, Azpeitiko herriguneko nahiz Izarraitz eremuko planoak gauzatu dituzte.

Gipuzkoako Orientazio Ligaren barruko proba martxoaren 20an izango da, eta 09:30ean egingo dute harrera, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren jolastokian. Lehen irteerak 10:00etan egingo dituzte, eta azkenak, berriz, 12:00etan. Ondoren, 14:00etan, itxiko dute helmuga.

Ikastaroa ere bai

Probaren aurretik, ostegunean, martxoaren 10ean, orientazioari buruzko saio bat izango da. Hain zuzen ere, 18:30etik 20:00etara bitartean egingo dute ikastaroa, Baigerako aretoan. Antolatzaileek azaldu dutenez, orientazio kirola zer den azalduko dute, baita probak zer-nolakoak izaten diren ere. Gainera, Alde Zaharreko kaleetan orientazio probaldia ere egin ahal izango dute parte hartzaileek

Dagoeneko zabalik dago probarako nahiz ikastarorako izena emateko aukera. Horretarako bi bide jarri dituzte: info@gotorientazioa.org helbide elektronikora mezua idatzi edo 652 72 78 41 telefono zenbakira (Mugik) deituta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide