50 talde baino gehiagok eman dute izena 3x3 Futbol Festan

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 8a, 11:58

Mikel Rodriguez Azpeitia Cupeko ordezkaria eta Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko zinegotzia. (Azpeitiko Udala)

Apirilaren 22an, 23an eta 24an egingo dute Azpeitian 3x3 Futbol Festa, Azpeitia Cupek antolatuta. Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo, Zestoako, Zumaiako, Getariako, Zarauzko, Zumarragako, Urretxuko nahiz Legazpiko umeek izango dute futbolean aritzeko aukera. Apirilaren 1era arte zabalik dago izena emateko epea. 

Azpeitia Cupek antolatuta, 3x3 Futbol Festa egingo dute apirilaren 22an, 23an eta 24an Azpeitiko plazan. Haur Hezkuntzako 4. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko gaztetxoek –2010 eta 2017 urteen artean jaiotakoek– parte hartu ahal izango dute kirol ekintzan. Hain zuzen ere, Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo, Zestoako, Zumaiako, Getariako, Zarauzko, Zumarragako, Urretxuko nahiz Legazpiko umeek izango dute futbolean aritzeko aukera.

Antolatzaileek azaldu dutenez, dagoeneko 50 talde baino gehiagok eman dute izena. Dena den, gogorarazi dute oraindik zabalik dagoela izena emateko epea; apirilaren 1era arte, hain zuzen ere. Honako toki hauetan eman daiteke izena: Azpeitiko Ufito haur arropa dendan edo Halcon bidaia agentzian nahiz Azkoitiko Plaza Berri Sport kirol dendan eta Ñam-Ñam gozoki dendan. Azpeitian edo Azkoitian izena eman ezin duenak www.azpeitiacup.com webgunean dagoen formularioa bete dezake.

Haur bakoitzak hamabi euro ordaindu beharko du. Parte hartzaile bakoitzak kamiseta bat –horrekin jokatu beharko du partida- eta domina bana eskuratuko du. Antolakuntzak eskualdeko neska-mutilak animatu ditu Futbol Festan parte hartzera.

Lau-bost jokalariko taldeak

Partida guztiak Azpeitiko plazan jarriko dituzten belar artifizialdun bi futbol zelai txikitan jokatuko dituzte. Taldeak lau-bost jokalariz osatu beharko dira –hiru jokalari eta bi ordezko–, eta taldeok mistoak izan daitezke. Dena den, umeek banaka izena emateko aukera izango dute, haurren bat talderik gabe baldin bada, antolatzaileak arduratuko baitira horik osatzeaz. Partida bakoitza hamar minutukoa izango da, eta ez du atsedenaldirik izango.

Azken urteetan Azkoitian jokatu da 3x3 Futbol Festa, azkenengoz joan zen urrian, eta 600 umek baino gehiagok parte hartu zuten orduko hartan. Antolatzaileek adierazi dutenez, Azpeitiko edizioan ere halako parte hartzea espero dute. Gainera, egitasmoaren helburu bakarra gaztetxoek futbolaren bidez "une ederrak" igarotzea dela adierazi dute horiek. "Jakinekoa denez, futbol festa ez da txapelketa bat, ez baitago irabazlerik eta galtzailerik".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide