Sarean ikusgai jarri dute 'Ospel' filma

Julene Frantzesena 2022ko mar. 9a, 09:32

Urte eta erdiz jaialdiz jaialdi ibili da Xanti Rodriguezek zuzendutako film laburra, eta hainbat sari jaso ditu horietan. Lantaldeak filma ikusgai jartzea erabaki du, ikus-entzunezkoen jaialdietako ibilbidea bukatzen ari delako.

Urte eta erdiz jaialdiz jaialdi ibili ostean, sarean ikusgai da Ospel filma. Xanti Rodriguezek zuzendutako eta euskal mitologian oinarritutako ikus-entzunezkoa sareratzea erabaki du haren lantaldean, nazioarteko ibilbidea amaitzen ari zaiolako.

Dena den, urteotan jaialdietan egindako bidea oparoa izan da. Izan ere, hainbat sari jaso ditu, hala nola AEBetako Trapped Film Festivalen, Frantziako Hallucinea Film Festivalen, Indiako Aasha International Film Festivalen nahiz Panamako Horro Film Festivalen film labur onenaren saria eskuratu ditu, baita beste hainbat sari ere. Orotara, 59 film jaialdi ofizialetan izan da hautagai Ospel.

2020ko urrian estreinatu zuten film laburra Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astean. Hainbat aurpegi ezagunek eta maila handiko profesionalek parte hartu zuten Rodriguezen ekoizpenean. Honako lotura honetan irakur daiteke filmaren estreinaldiaren atarian Maialen Etxanizek egindako erreportajea.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide