Aldarriz bete zituzten Azpeitiko kaleak Martxoaren 8an. Atzo arratsalderako zeuden deituta mobilizazio nagusiak, eta jende ugarik egin zuen bat deialdiekin. Aurrena, kontzentrazioa egin zuten. Euskal Herriko mugimendu feministaren deialdiarekin bat eginda eta herritar talde batek deituta egin zuten elkarretaratzea Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra lelo hartuta. Azpeitiko Udalak bat egin zuen deialdiarekin, eta bertan izan ziren zenbait udal ordezkari.
“Egunero zapaltzen gaituen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazisistaren aurrean, antolakuntza feminista aldarrikatu zuten elkarretaratzea, eta adierazi zuten "bizitzea merezi duen" mundu bat eraiki nahi dutela.
Miren Arrieta da mobilizazioaren deitzaileetako bat, eta hark pandemia ostean mobilizatzearen garrantzia azpimarratu zuen. 18:30ean hasi zen elkarretaratzea, eta ordu erdi inguru pankartaren atzean igarota, irakurketa plazaratu zuten deitzaileek.
Ondoren, manifestazioa izan zen Azpeitiko plazatik hasita. Itaia emakume sozialisten antolakundeak deituta egin zuten mobilizazioa, 19:30etan, Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki lelopean. Itaiak emakumeen lan baldintzak okertzea, zaintza lanen lan karga handitzea, hipersexualizazioaren normalizazioa, indarkeria matxistaren forma berriak eratu izana eta alderdi politikoek feminismoarekin duten jokabidea salatu zituzten. Martxoaren 8aren hastapenetako helburuei ere egin zien aipamena Eider Agirre Itaiako kideak.
Manifestazioa plazan hasi eta plazan amaitu zen. Bukaeran, olerki bat eskaini zuten Itaiako kideek, eta hitzartzearekin eman zioten amaiera mobilizazioari.