Ukrainari elkartasuna adierazi diote hainbat herritarrek

Ihintza Elustondo eta Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 9a, 13:20

Azpeitiko Udalak deituta, Ukrainako herritarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute eguerdian plazan. Udal ordezkariak nahiz hainbat herritar elkartu dira. Atzo, "Ukrainako herriari babesa eta elkartasuna adierazteko" adierazpena onartu zuten aho batez udalbatzarrean.

Ukrainako herritarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute eguerdian plazan. Eudelek egindako deialdiarekin bat eginez, Azpeitiko Udalak deitu du kontzentrazioa.

Udal ordezkariak nahiz hainbat herritar elkartu dira Ukrainari elkartasuna adierazteko; tartean izan dira Ukrainatik Azpeitira gerratik ihesi etorri den familia bat.

Ukrainako herriaren aldeko mozioa

Atzo, martxoko ohiko udalbatzarrean, EH Bilduren eta EAJren ordezkariek "Ukrainako herriari babesa eta elkartasuna adierazteko" eta Errusiaren eraso militarra salatzeko adierazpena onartu zuten aho batez.

Mozioa bozkatu aurretik, udalak "Ukrainatik errefuxiatuta Azpeitira etor daitezkeenak herrian hartzeko eta beren beharrei erantzuteko azpiegitura batzuk prest" dituela adierazi zuen Nagore Alkorta alkateak. "Prest ditugu azpiegitura batzuk, lehen ukrainarrak ere iritsi dira Azpetira, eta gaur artatu ditugu udaletxeko Gizarte Zerbitzuetan, behar desberdinei aurre egiteko. Gehiago ere etor daitezkeelakoan, azpiegitura publikoak zein titularitate desberdinetako azpiegiturak aztertzen ari gara", gaineratu zuen alkateak.

Hau da Ukrainako gerra dela-eta udalbatzarrean aho batez onartutako adierazpen instituzionala:

"Errusiako Gobemuak Ukraina erasotzeko eta inbaditzeko hartutako erabakiaren ondorioz, joan den ostegunetik dozenaka pertsona hil dira, ehunka zauritu eta bonbetatik ihes egiten ari dira pertsona asko.

Errusiako Gobernuak egindako erasoa justifikaziorik gabeko erasoa da, inoiz ez bezalako larritasuna duena, eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabaria, segurtasun globala eta egonkortasuna arriskuan jartzen dituena.

Horregatik guztiagatlk, Azpeitiko Udalak honako erabaki hau onartu du:

  1. Azpeitiko Udalak Errusiaren eraso militarra salatu du, eta berehala bertan behera uzteko eta indar militarrak Ukrainako lurraldetik erretiratzeko eskatu du.
  2. Azpeitiko Udalak eskatzen du berehala eten daitezela liskarrak, biktimen kopurua biderkatu baino lehen, eta tropak itzul daitezela Errusiako Federazioaren nazioarteko lurralde aitortura.
  3. Azpeitiko Udalak dei egiten die eragile guztiei gerra arriskutik urrunduko gaituzten konponbideak bila ditzaten.
  4. Azpeitiko Udalak berretsi du ezberdintasunak Nazio Batuen Gutunaren esparruan konpondu behar direla, bide baketsu eta diplomatikoen bidez.
  5. Azpeitiko Udalak Europako erakundeei eskatzen die arreta eman diezaiela Europako beste herrialde batzuetan babes bila ari diren Ukrainatik joandako pertsonei.
  6. Azpeitiko Udalak babes eta elkartasun osoa adierazten die Ukrainako herriari eta Errusian gerraren aurka agertu diren eta poliziaren eta militarren errepresioa jasaten ari diren pertsonei. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide