Igandean ospatuko dituzte San Jose festak Loiolan

Julene Frantzesena 2022ko mar. 14a, 10:16

2019ko asto karrerako irudi bat.

Bi urteren ostean, berriz ere festak izango dira Loiolan. Egun bakarrean ospatuko dituzte horiek, baina ez da ekitaldirik faltako; zezen txikiak, asto karrera, herri kirol erakustaldia nahiz haurrentzako puzgarriak izango dira.

Bi urteko etenaren ostean, aurten bai, aurten ospatuko dituzte San Jose jaiak Loiolan. Egitaraua prest dute dagoeneko antolatzaileek, eta ekintza guztiak egun bakarrean egingo baldin badituzte ere, izango da zer egin eta zer goza: asto karrerarik ez da faltako, ezta herri kirol erakustaldirik ere.

San Jose egunaren biharamunean, martxoaren 20an, igandez, ospatuko dituzte aurtengo festak. 11:00etan hasiko dute egitaraua; zezen txikiak izango dira Loiolako basilikaren aurreko zabalgunean. Ondoren, 13:00etan, asto karrera izango da, Loiolako jaien berezigarri nagusia.

Arratsaldean, berriz, 17:30ean hasita, herri kirol saioa egingo eskainiko dute Eneko Otaño eta Ugaitz Mugertza aizkolariek eta Aimar Irigoien nahiz Goenatxo III.a harri-jasotzaileek. Gainera, goizean nahiz arratsaldean haurrentzako puzgarriak izango dira, eta trikitilariak arduratuko dira giroa alaitzeaz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide