Ekindar kooperatibaren abiapuntua ezartzeko batzarra egingo dute datorren asteazkenean

Julene Frantzesena 2022ko mar. 10a, 09:03

Ekindar kooperatibaren aurkezpenean leporaino bete zen Sanagustin kulturgunea.

Aurretiko izen-ematea gauzatu duten herritarrei zuzendutako batzarra Soreasu antzokian izango da, 19:00etan hasita. Besteak beste, eguzki plaken parkea jartzeko proiektuaren xehetasunak nahiz bazkidetzari buruzko informazioa eskainiko dute bilkuran.

Azpeitian sortu duten Ekindar energia kooperatibaren proiektua martxan jartzeko helburuz, aurretiko izen-ematea gauzatuta dauden herritarrei zuzendutako batzarra izango da datorren asteazkenean, 19:00etan, Soreasu antzokian. Besteak beste, eguzki plaken parkea jartzeko proiektuaren xehetasunak nahiz bazkidetzari buruzko informazioa eskainiko dute bilkuran, proiektua "laster" exekuzio fasean sartuko delako.

Dena den, astelehenera arte izango da zabalik proiektuari atxikitzeko aurrez izena emateko epea. Abendutik dago horretarako aukera, eta dagoeneko hainbat dira Ekindar kooperatibako kide izateko izena eman duten herritarrak. Hain zuzen ere, bazkidetza kanpaina hastean, aurrez izena eman duten herritar horiek izango dute bazkide egiteko lehentasuna.

Ekindar kooperatibaren inguruko informazioa emateko batzarra joan zen abenduan egin zuten Sanagustin kulturgunean, eta ikusmina piztu zuen proiektuak; izan ere, herritar ugari izan zen bilkuran. Azpeitiko Udaleko ordezkariek eta Ekindar proiektuaren sustatzaileek proiektuaren azalpen orokorrak eskaini zituzten orduko hartan, baina udalak azaldu duenez, dagoeneko "gauzak zehaztu" dituzte eta baimen guztiak eskuratu ere bai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide