Herrian erroldatzen diren haur jaioberriei Azpeitia balio hezitzaileen bidez ezagutarazteko ipuin bat sortu du udalak, Ametsen etorrera, hain zuzen ere. Felipe Murillok idatzi du ipuina, eta ilustrazioak, berriz, Olatz Alkortak egin ditu. Herrian jaiotzen diren haur guztien familiek jasoko dute aurrerantzean ipuina, umea erroldatzera udaletxera joaten direnean. Gainera, Gazte Informazio Bulegoan ere eskuratu ahal izango dute herritar guztiek, bost euroren trukean.
Hilabeteetako lana bukatuta, ipuin kontaketa bidez egingo dute lanaren aurkezpena martxoaren 18an, ostiralez, 17:30ean hasita, Udal Liburutegian. Haur Hezkuntzako 5. mailatik Lehen Hezkuntzako 3. mailara arteko haurrei zuzendutako emanaldia izango da, eta hara joaten diren guztiek ipuin bana jasoko dute. Gainera, saioa bukatzean, txokolatada izango da.
Azpeitiko Udala, herriko ikastetxeak, hezkuntza ez formaleko eragileak eta herrigintzakoek urteak daramatzate herri hezitzailearen filosofia Azpeitian sustatzen. Askotariko gaiak landu eta egitasmoak martxan jarri dituzte, Azpeitia herri hezitzailea eraikitzeko asmoz. Norabide horretan "ur tanta bat gehiago" izateko eta balioen lanketarako tresna izan dadin sortu dute ipuina. Izan ere, Azpeitia Herri Hezitzailearen filosofiaren "muina" eta horrek egituratzen dituen "balio hezitzaileak" bildu dituzte lanean.