San Inazioren kanonizazioaren laugarren mendeurrena ospatuko dute bihar Loiolan

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 11a, 16:03

Loiolako basilika.

Ina Etxarte Santutegiko erretoreak 11:00etan zuzenduko duen mezarekin oroituko dute data berezia. Erroman ere gogoan izango dute Loiolako santua aldareetara goratu zutenekoa, Frantzisko aita santuak emango duen beste meza batekin.

Iazko maiatzetik ospatzen ari dira jesuitak Urte Ignaziotarra, Loiolako Iñigo Iruñean zauritu zuteneko 500. urteurrenaren harira. Urte berezi horren barruan, bihar San Inazio kanonizatu zuteneko 400. urteurrena gogoratuko dute munduko hainbat txokotan, eta Loiolako Santutegian ere bai. Hain zuzen ere, Ina Etxarte Santutegiko erretoreak 11:00etan zuzenduko duen mezarekin oroituko dute data, basilikan.

Hala ere, aipatutako urtemuga horrekin lotutako ospakizun nagusia Erroman egingo dute. San Inaziorekin batera, Xabierko Frantzisko, Teresa Avilakoa, San Isidro eta Felipe Neri goratu zituen aldareetara Elizak 1622ko egun berean Vatikanoko San Pedro basilikan. Bihar, Erromako Gesu elizan, bost kanonizazio horien laugarreb mendeurrena ospatzeko meza gidatuko du Frantzisko aita santuak, 17:00etan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide