Lagun Onaken gizonentzat aurkia eta emakumeentzat ifrentzua, asteburuko futbol jardunaldian

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 14a, 09:21

Manex Iradi goleatzailea, Basconiaren kontrako bigarren gola ospatzen. (Mailo Oiarzabal)

Urrezko hiru puntu batu zituen Hirugarren Mailako taldeak Garmendipen, Basconiari 2 eta 1 irabazita. Emakumeen Ohorezko Erregional ligako taldeak, aldiz, 3 eta 2 galdu zuen Tolosan.

Emaitza kontrajarriak izan dituzte Lagun Onak futbol klubeko talde nagusiek joan den asteburuko jardunaldian. Gizonen taldearentzat izan da aurkia, eta emakumeenarentzat, ifrentzua.

Zapatu arratsaldean, Basconia hartu zuen Lagun Onakek Garmendipen. Espainiako Hirugarren Mailako beren multzoan igoera fasera sailkatzeko borroka betean dabilen Athleticen harrobiko taldea, jaitsierako tokietatik urruntzeko puntu gehiagoren bila dabilen Azpeitiko taldearen kontra. Eta etxean gelditu ziren puntuak, urrezko hiru puntu.

Zati bakoitzaren lehen minutuetan egin zituen golak Lagun Onakek, eta Basconia kolpe horiei buelta eman nahi eta ezinean ibili zen. Partida hasi eta hiru minutura, Josu Ibarbiak eskuin hegaletik erdiratu zuen, baloia hilda gelditu zen aldaratzean area barruan, eta Pablo del Pozok sare barrura bidali zuen ezkerrarekin. Hortik aurrera, kanpoko taldearena izan zen jokoaren ekimena, baina gol aukera garbi asko ez zen izan atsedenaldira arte. Aldageletatik zelaira itzuli berritan, 47. minutuan, Basconiaren atezainaren hutsak Manex Iradiren oinetan utzi zuen baloia, eta Lagun Onaken aurrelariak ez zuen oparia baztertu, area barrutik baloia sare barrura gurutzatuz. Lehen zatian bezala, kanpokoek berdinketaren bila jo zuten, baina apenas egon zen erasoko jokaldi aipagarririk, 80. minutura arte. Neurketa bukatzeko hamar minutu falta zirela, hirugarren gola egin zuen Lagun Onakek, baina bere atean. Horrela, 2 eta 1ekoarekin pixka bat sufritzea tokatu zitzaien Ander Avellanedaren gizonei, baina garaipenak ez zien ihes egin.

31. jardunaldia osatuta, Lagun Onakek 38 puntu ditu, hamahirugarren postuan dago, eta hamabosgarrenean hasten den jaitsierako multzoari lau puntu ateratzen dizkio Basconiari irabazi ostean. Azpeitiko taldeak Durangon jokatuko du datorren jardunaldia.

Tolosatik esku hutsik

Galtzen hasi, emaitzari buelta eman, baina galtzen bukatu. Errusiar mendia izan zen atzo Tolosak eta Lagun Onakek Emakumeen Ohorezko Erregional mailan Usabalen jokatu zuten partidaren bigarren zatia, eta zorabioaren kalteak Unai Urbizuren taldearentzat izan ziren.

Aukera batzuk egon arren, gehienak Lagun Onakenak, golik gabe bukatu zen lehen zatia. Bigarrengoan, berriz, Tolosarena izen zen lehen kolpea, 50. minutuan egin baitzuten lehen gola etxekoek, baina Lagun Onakek ondo erantzun zuen, eta 63. minutuan banakoa egin zuen Nahiak. Partidaren azken txanpan sartuta, penaltia adierazi zuen epaileak Lagun Onaken alde, eta Nahiak egin zuen 1 eta 2koa ere abagune hori baliatuz, 84. minutuan. Baina azpeitiarrak garaipena eskura ikusten hasita zeudenean, Tolosak hankaz gora jarri zuen berriro markagailua, 87. eta 90. minutuetan sartuatko golei esker.

Horrenbestez, 22. jardunaldia osatuta, 31 punturekin jarraitzen du Lagun Onakek, Ohorezko Erregional Mailako sailkapenaren erdian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide