Orientazio proba izango da igandean herrian

Julene Frantzesena 2022ko mar. 14a, 11:20

Orientazio proba bateko irudia. (Gipuzkoako Orientazio Taldea)

2022ko Gipuzkoako Orientazio Ligako hirugarren proba izango da. Parte hartzaileek hiru ibilbidetako bat aukeratu beharko dute: horia, laranja eta gorria. Osteguna bitartean eman beharko da probarako izena.

Orientazio kirolean trebatzeko aukera izango dute herritarrek datorren igandean. Izan ere, herri barruko orientazio proba bat izango da, 2022ko Gipuzkoako Orientazio Ligako hirugarrena, hain zuzen ere. Gainera, eskolarteko orientazio proba ere izango da.

Probako parte hartzaileek hiru ibilbidetako bat aukeratu beharko dute: horia, laranja eta gorria. Ibilbide horia etxeko txikienekin egitekoa izango da; laranja hastapenetako ibilbidea izango da; eta gorria, berriz, orientazioan ibiltzen diren herritarrei zuzendutakoa.

Probaren sustatzaileek adierazi dutenez, adin eta gaitasun ezberdinak uztartzen dituen kirola da orientazioa, eta horregatik, herritarrak animatu dituzte parte hartzera. "Heldu zein gazte, bakarka edo taldean, korrika edo oinez, bakoitzak nahi duen moduan parte har dezake kirol honetan".

Izen-ematea zabalik

Igandeko egitasmoan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Horretarako aukera osteguneko 22:00etara bitartean izango dute herritarrek Gipuzkoako Orientazio Taldearen webgunean.

Probaren harrera gunea Azpeitiko Ikastola Ikasberriren patioan jarriko dute, 09:30ean. Lehen parte hartzaileak 10:00etan abiatuko dira, eta azkenak 12:00etan. Helmuga, berriz, 14:00etan itxiko dute.

Aste honetakoa ez da izango Azpeitian aurten egingo den orientazio proba bakarra. Izan ere, Gipuzkoako Ligako azken proba Erlon egindako orientazio maparena izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide