Debut ezin hobea Oier Apezetxearentzat

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 14a, 11:39

Oier Apezetxea besoa altxatuta, debuteko partidan, Galarretan. (Maialen Andres / Oriamendi)

Aldabek eta Azpeitiko bizilagunak 35 eta 34 gainditu zituzten Galarretan Loitegi eta Zaldua Berria txapelketaren bigarren jardunaldian, eta maila oso onean aritu zen erremontista hasiberria.

Debutekoa "partida oso gogorra" izatea espero zuen Oier Apezetxeak, eta ez zebilen oker. Herenegun, Berria txapelketaren bigarren jardunaldian jokatu zuen Azpeitiko bizilagunak erremonte profesionalean bere estreinako partida, eta Aldaberekin, 35 eta 34 gainditu zituzten Galarretan (Hernani, Gipuzkoa) Loitegi eta Zaldua, B multzoari zegokion partidan.

Partida parekatua eta ona irabazteaz gain, maila oso onean aritu zen Apezetxea: hamabi tanto egin zituen, horietatik zortzi sakearekin, eta bi pilota besterik ez zituen galdu. Etxarri-Martirena bikotearen kontra jokatuko dute datorren asteburuan Aldabek eta Apezetxeak, eta neurketa horretan 23 tanto egitea nahikoa dute finalaurrekoetara sailkatzeko.

A multzoan ere datorren asteburuan osatuko dute sailkapen ligaxka. Urrutia II.ak eta Jagoba Labaka azpeitiarrak Susperregi-Zubiri bikotearen kontra jokatuko dute, eta irabazleak aurrera egingo du txapelketan. Aurreko astean jokatu zuten Urrutiak eta Labakak beren multzoko lehen partida, eta 35-16 galdu zuten Goikoetxea V.aren eta Odeiren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide