Hitz aspertu bat egin dut Imanol Lazkanorekin bazkalondoan, badugulako fijazio konpartitu bat. Ez dakit lokuziorik egokiena den, halere, hitz aspertuarena solas hori izendatzeko. Aldiro txunditzen nau Imanolek, lekuko bizi delako, pasa den mendeko zein gaurko bertsolari gehien ezagutu duen pertsonetako bat, eta geratzen ez den edo badoan ahoz kontatzeko modu baten eramaile dotoreenetakoa. Odol zurrupari honentzat banketea da hau. Lazkao Txikik sabelean poesia zeramala diotsu, mina erditzen zekiela ondoen, eta sakonera apartekoa zeukala haren misterioak.
Eta gero Uztapide maisu zaharra aipatzen dizu, haren egokitasuna; eskolatu gabearen eskola nola izan daitekeen denik eta aurrerakoiena. Begiek diz-diz dagiote Imanoli endoiarraz mintzo. Zehatzago nahi dio ekin: "Bertsolariak bi alderdi zeuzkak; teknikoa bata, hizkuntzaren tolesak, errimen zorrotza..., eta irismenarena bestea, jendeari azkura eragiten dion 'beste zera' hori". Honek Zestoako kronika behar zuen, eta bereziki iruditu zaidanez norberak saioari zerbait propioa erantsi dion kanporaketa, noan banan bana izen propioetara.
Aitor Tatiegi. Transmititzen duen patxada nabarmenduko nuke oñatiarrarengandik. Hasierako agurretik gauzak sinple egiteko intentzioa erakutsi du, eta hori zeinen zaila den erantsi gero. Egun hobea edo okerragoa izango du, gai parekoagoak edo arrotzagoak, baina oso erraz ari du bertsoa Tatiegiren ahotik.
Naia Arrizabalaga. Aurreneko sariketa zuen azkoitiarrak, jende helduagoarekin kantatu beharra, beraz. Eskolartekotik datorrenarentzat jauzi dezentea izaten da ariketa zein gaitegi aldetik. Halere, ez zaio gehiegi ardura hori Arrizabalagari, aurrera egiten baitu beti kikiltzeke. Seguru ez zegoela esango dizu saio bukaeran, eta saioan egon den inork ez zion antzemango. Bertute berezko hori zortea da bertsotarako, eta gainontzeko alderdiei dagokienez, landuko eta finduko ditu.
Garazi Navarro. Gauza asko dauzka Navarrok. Hizkuntza gutxik bezala menperatzen du, iristen den kantaera indartsua dauka, gaiari bigarren heldulekua topatzen eta elementuekin lurreratzen daki, eta gaiak ideologikoki kokatzen eta tratatzen ditu, gainera. Zestoan ere utzi du ezpal distiratsurik eta bertso gogoangarririk, bertso gutxi batzuetan egin dituen akatsek puntuazioa jaitsi badiote ere. Atzokoa plaza librea balitz, gorago kokatuko genuke.
Imanol Albizu. Harritu egiten zaitu Albizuk, eta ez saioan behin bakarrik. Esango nuke ihes egiten diela konbentzioei. Gaia entzun, eta hari erantzutera doa zuzen, eta horretarako dauzkan lan tresnak ez dira edonoren esku daudenak. Ezagun du bertso zahar mordoa irentsita dagoela, egituretan, bertsoa moldatzeko eta errimatzeko moduan… Haize freskoa eraman du Zestoara azpeitiarrak.
Aimar Sorazu. Ez dakit gaurko errebelazioa dei diezaiokegun, baina ez nuke esango oso oker nabilenik. Kolorea eta sanidadea eman dizkio Sorazuk saioari, eta hasieratik antzeman diogu jarrera esploratzailea. Saioa gidatu duten irudi asko beragandik atera dira: monagiloa, Seat 600a… Saioan egindakoarekin pozik egoteko moduan da zarauztarra.
Oihana Arana. Koska bat gorago aritu da hasieratik eskoriatzarra. Aranak ez du ahoa zabaltzearren zabaltzen, badaki zertan ari den, eta horixe transmititzen du, ziurtasuna esaten ari den horretan. Gaiari dagokion hiztegia erabiltzea, errimen espezifikotasuna, bertsoan zeharreko pausen bitartez kontrol erakustaldia egitea… Puntako bertsolarien ezaugarriak gorpuzten ditu Aranak, eta finalean izango du bere dohainak erakusteko bigarren aukera.
Imanol Lazkano ikusi dut berriz, musukoaren atzean gorderik azken hirugarren ilaran. Pentsakor dago, begiak gorantz biratuta. Lazkao Txiki eta Uztapide bertsolagun maiteei gogor ari zaie, ez dagoela kuidadorik, bertsoa salbu zela atzo Zestoan, euskara salbu zela, eta ez sinesteko dauden lekutik hil kanpaiak aditu badituzte.
Datorren igandean, Azkoitiko kultur etxean, erabakiko dira sei finalistak.
Atzoko saioko sailkapena da honako hau:
- Oihana Arana: 255 puntu.
- Aimar Sorazu: 249 puntu.
- Aitor Tatiegi: 245 puntu.
- Imanol Albizu: 230 puntu.
- Garazi Navarro: 222,5 puntu.
- Naia Arrizabalaga: 209,5 puntu.