Gipuzkoako taldekako Gorengo mailara igotzeko fasea jokatzen hasi dira Azpeitiko xakelariak

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 15a, 10:15

Azpeitiko eta Elgoibarko xakelarien arteko partiden irudi bat. (Azpeitiko xake taldea)

Lehen Mailan lehiatzen ari da aurten Azpeitiak ligara aurkeztu duen talde bakarra. Lehen fasea bere multzoko lehen postuan bukatu ondoren, igoera fasea jokatzen hasi dira azpeitiarrak, eta Elgoibar A taldeari irabazi zioten joan den asteburuan.

Pandemia dela-eta urtebetez geldirik egon ondoren, Gipuzkoako taldekako liga jokatzera itzuli dira aurten Azpeitiko xakelariak. Bestetan bi talderekin lehiatu izan dira, baina 2022an talde bakarra osatu dute, "jende faltarengatik".

Hala ere, emaitza oso onekin ekin dio itzulerako denboraldiari Domusa Azpeitia taldeak. Ligako Lehen Mailan ari da Azpeitiko taldea; zortzina taldeko bi multzotan jokatu dute lehen fasea, eta bere multzoko lehen postuan bukatu du fase hori Azpeitiko taldeak. Ondorioz, Gorengo mailara igotzeko fasea ari da jokatzen orain. Joan den asteburuan, lehen faseko beste multzoan bigarren sailkatu zen Elgoibar A taldearen kontra lehiatu ziren Azpeitiko xakelariak, eta 2,5 eta 1,5eko emaitzarekin nagusitu zen Domusa Azpeitia taldea. Aitor Priyak eta Miguel Gomezek irabazi, Andres Perezek berdindu eta Eneko Alberdik galdu egin zituzten beren neurketak.

Azpeitiko xakelariek gogorarazi dute xakean jokatu nahi duten herritarrek irekita dituztela taldearen ateak. Astelehenetan eta ostegunetan elkartzen dira, 18:00etatik aurrera, Baigera I-eko laugarren solairuan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide