Jasotako elkartasuna Ukrainara bidalita, produktuak biltzen jarraituko dute datozen egunetan

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 16a, 15:37

Sarasua eta Kutxerenko, Ukrainara materialez beteta bidali duten kamioiaren ondoan. (Utzitakoa)

Joan zen astean bidali zituzten Ukrainara gerraren ondorioak jasaten ari direnei laguntzeko Azpeitian bildutako produktuak. Ukraina-Euskal Herria elkartearen bitartez, Lviv eta Ivano-Frankivsk hirietara bidali dute materiala Alex Sarasuak eta Vladys Kutxerenkok, eta haiek azaldu dutenez, hirietan erabakiko dute produktuak herrialdean nola banatu. Aste honetan elkartasun bilketarekin jarraituko dute, lehengo leku eta ordu berean.

Martxoaren 5ean hasi ziren Vladys Kutxerenko eta Alex Sarasua Ukrainara kamioi bete elkartasun bidaltzeko lanean, eta dagoeneko bidali dute gerraren ondorioak jasaten ari direnei laguntzeko bildutako materiala. Hasiera batean bilketarekin jarraituko ote zuten ez zekiten arren, aste honetan ere materiala biltzen ari dira Salbe auzoko 31. zenbakidun lokalean. "Printzipioz", ostiralera arte jasoko dituzte produktuak, 16:00etatik 19:00etara.

Kutxerenkok eta Sarasuak adierazi dutenez, Azpeitian bildutako produktuak Lviv eta Ivano-Frankivsk hirietara bidali dituzte, eta aurreratu zuten bezala, Ukraina-Euskal Herria elkartearen bitartez egin dute hori. Elkartea arduratu da garraioaz. Sarasuak kontatu du elkarteko kideak "harrituta" gelditu zirela Azpeitian jasotako produktu kopurua ikusita: "Galdetu ziguten ea non bildu genuen horrenbeste material, eta Azpeitian egindako bilketakoa zela entzundakoan, txundituta gelditu ziren". Sarasua zein Kutxerenko "oso eskertuta" agertu dira, eta esan dute norbanakoek ez ezik, Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolak nahiz zenbait saltokik ere egin dutela ekarpena. "Beren alea jarri duten guztiei, eskerrik asko, bihotzez".

Herritarrek egindako ekarpenaren eta jasotako elkartasunaren adierazle dira datuak. Martxoaren 5etik 12ra bitartean, material ugari bildu zuten, besteak beste, 400 inguru ur botila, 1.500 lata eta janari poltsa baino gehiago, lehen sorospenerako nahiz garbitasunerako 1.700 inguru produktu, ehunka sendagai eta dozenaka lo zaku.

Jasoko duten materiala

Ostiralera bitartean, honako produktuak bilduko dituzte Salbe auzoko lokalean: Elikagaiak, sendagaiak, lehen laguntzarako edo sorospenerako materiala, erabilera bakarreko sukaldeko tresnak, lo egiteko zakuak, mantak eta hotzari aurre egiteko mota guztietako materiala. Aurreko asteetan ez bezala, ez dituzte pixoihalak hartuko, ezta ura eta arropa ere. 


Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide