Bihar zabalduko dute aurtengo Antzerki Topaketetara proiektuak aurkezteko epea

Julene Frantzesena 2022ko mar. 20a, 09:16

Iazko topaketetan taularatu zuten 'Maitasunaren itxiera' obraren irudi bat.

Apirilaren 25era arte izango dute konpainiek aurtengo udazkenean egingo diren 40. Euskal Antzerki Topaketetan taularatu nahi dituzten antzezlanen proposamenak egiteko aukera. Proposamenak egiteko bi ezaugarri bete beharko dituzte antzerki taldeek: konpainiek Euskal Herrikoak izan beharko dute, eta obrek euskarazkoak.

Datorren udazkenean egingo diren 40. Euskal Antzerki Topaketetan parte hartu nahi duten taldeek edo konpainiek bihartik aurrera izango dute obren proposamenak Azpeitiko Udalean aurkezteko aukera. Apirilaren 25era arte izango dute Azpeitian taularatu nahi dituzten antzezlanen proposamenak egiteko aukera, eta horretarako, bi ezaugarri bete beharko dituzte antzerki taldeek: konpainiek Euskal Herrikoak izan beharko dute, eta obrek euskarazkoak.

Haurrei, gaztetxoei nahiz helduei zuzendutako antzezlanak, amateurrak nahiz profesionalak izan ohi dira Azpeitiko topaketetan, eta horrenbetez, halako lanak egiten dituzten taldeek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Hain zuzen ere, obraren aurkezpena, sinopsia, fitxa teknikoa nahiz artistikoa eta material grafikoa aurkeztu beharko dituzte horiek.

Proiektuak honako lotura honen bidez izapidetu behar dira; hau da, modu elektronikoan. Zalantzak argitu edo informazio gehiago jaso nahi dutenek 943-15 70 68 telefonora deitu edo kultura@azpeitia.eus helbidera mezua idatz dezakete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide