Korrikaren aldeko mendi irteera antolatu dute Xoxotera

Andoni Elduaien 2022ko mar. 17a, 10:00

2017an Xoxotera egindako mendi irteerako irudia. (AEK)

Martxoaren 27an egingo dute mendi irteera, 22. Korrika bultzatzeko asmoz. Egun horreta, Xoxotera joateko 09:30ean elkartuko dira azpeitiarrak udaletxearen azpian. Irteeran parte hartzeko, izena eman beharko da aurrez.

AEK euskaltegiak Korrikaren aldeko mendi irteera antolatu du martxoaren 27rako. Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik zenbait talde abiatuko dira, eta hiru herrietatik ateratako herritarrak Xoxoten elkartuko dira, "Korrikaren oihartzuna zabaltzeko". 22. Korrika Kulturalaren barruan antolatu du AEK-k txangoa, Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunarekin, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunarekin eta Zestoako Agiro mendi klubarekin elkarlanean. 

Azpeitiarrek 09:30ean izango dute txangoari ekiteko hitzordua, udaletxearen azpian. Azkoitian, Balda plazan hasiko dute irteera 09:30ean. Hala eta guztiz ere, bide laburragoa egin nahi dutenek Aittolako aparkalekutik irteteko aukera izango dute 10:00etan. Zestoan, berriz, 09:00etan elkartuko dira Gurutzean. Halere, Ondarbasotik ere abiatuko da beste talde bat, 09:45ean.

Mendi irteeran parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez, batetik, zenbateko taldeak izango diren zehazteko, eta bestetik, Xoxoteko aterpetxean mokadua zenbat lagunek egingo duten jakiteko. Izena eman nahi dutenek, 607 61 26 97 telefono zenbakira deitu edo whatsapp mezu bat bidali beharko dute. AEK-k aurreratu duenez, Xoxoten egingo duten mokadua bost euro ordaindu beharko da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide