Elizkaleko 24. eta 22. zenbakidun etxeak eraisteko lanak gaur goizean hasi ditu Azpeitiko Udalak, eta arratsaldeko azken ordurako oso aurreratuta zegoen eraisketa prozesua. Astearte goizaldean zati bat erori zitzaion 24. zenbakidun eraikina guztiz eraitsi dute, eta haren kontra zegoen eta segurtasuna bermatze aldera botatzea erabaki duten 22. zenbakia ere ia guztiz eraitsi dute; etxe horren fatxadako zati txiki bat besterik ez zegoen zutik 17:30 aldera. Etxeak botata hustu duten orube aldera ematen duten 20. zenbakiko etxearen paretak eta teilatua babesten ere aritu dira langileak.
Udalak Uztarria.eus-i adierazi dionez, larunbaterako aurreikusten dute eraiste lanak amaitzea.