Berezko xarmari eutsita datoz Loiolako festak

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2022ko mar. 18a, 15:15

San Jose egunaren bueltan iritsi ohi dira festak Loiolara, eta aurten ez dute hutsik egingo. Azken bi urtetan jairik antolatu ezin izan den arren, aurten ohiturari jarraitzea erabaki dute antolatzaileek, eta horretan aritu dira azken astetan. Antolatzaileetako bi dira Iñigo Arregi eta Aitzol Arregi. Jaien ibilbideaz, berezitasunez eta aurtengorako prestatu duten egitarauaren inguruan aritu dira solasean Erlo Telebistarekin. 

Loiolatarrak dira Iñigo eta Aitzol Arregi, eta ondo baino hobeto ezagutzen dituzte auzoko festen nondik norakoak. Iñigok urte mordoxka darama antolatzaile lanetan; Aitzol hurrengo belaunaldikoa da, baina hark ere gertutik ezagutu ditu festak betitik. Azken urteetan elkarrekin aritu dira antolakuntza lanetan, eta atzera begira jarri dira, oroitzapenak elkarbanatuz. Gainera, herritarrei dei egin diete igandean Loiolara joateko. "Eguraldi ona eman dute iganderako, eta giro polita egongo da", aurreratu dute. 

San Jose egunaren biharamunean, martxoaren 20an, igandez, ospatuko dituzte aurtengo festak. 11:00etan hasiko dute egitaraua; zezen txikiak izango dira Loiolako basilikaren aurreko zabalgunean. Ondoren, 13:00etan, asto karrera izango da, Loiolako jaien berezigarri nagusia.

Arratsaldean, berriz, 17:30ean hasita, herri kirol saioa egingo eskainiko dute Eneko Otaño eta Ugaitz Mugertza aizkolariek eta Aimar Irigoien nahiz Goenatxo III.a harri-jasotzaileek. Gainera, goizean nahiz arratsaldean haurrentzako puzgarriak izango dira, eta trikitilariak arduratuko dira giroa alaitzeaz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide