Azpeitian jokatuko dute Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketaren bigarren kanporaketa

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 18a, 16:52

2021eko Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketako finalistak.

Gaur hasiko da Eskolarteko Txapelketa, Oñatin, eta apirilaren 1ean jokatuko dute bigarren kanporaketa Azpeitian. Xabier Albizu azpeitiarrak parte hartuko du aurtengo Eskolartekoan, eta etxeko saioan arituko da bertsotan. Hain zuzen, Zelai Luze elkartean izango da apirilaren 1eko saioa, eta dagoeneko eskuratu daitezke txartelak. 

Hastear da Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren XLII. edizioa. Guztira, 17 gaztek parte hartuko dute bat-bateko atalean, eta hiru kanporaketek eta finalak osatuko dute txapelketa. Hain zuzen, gaur jokatuko dute Eskolartekoaren lehen kanporaketa Oñatin. Bigarren kanporaketa Azpeitian jokatuko dute apirilaren 1ean, eta hirugarrena Lizartzan, apirilaren 8an. Finala apirilaren 29an izango da, Lasturren.

Gaur Oñatin jokatuko duten kanporaketan honako bertsolariak arituko dira kantuan: Jon Mendiluze, Aratz Arzelus, Lide Arregi, Jakes Etxeberria eta Uxue Ostolaza. Azpeitiko saioan Ane Zubia, Naia Arrizabalaga, Beñat Mateos, Xabier Albizu, Aratz Lasa eta Harri Agirresarobe bertsolariak entzuteko parada izango da. Hirugarren eta azken saioan finalera sailkatzeko lanean arituko dira Amets Aizpurua, June Aiestaran, Danel Etxeberria, Malen Gartzia, Izar Zelarain eta Sustrai Goenaga. 

Kanporaketa bakoitzeko irabazleek eta puntuaziorik onena duten beste hiru bertsolari sailkatuko dira apirilaren 29an jokatuko den finalera.

Sarrerak, salgai

Azken urtetan bezala, aurtengoan ere Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren kanporaketa guztiak bertso afari formatuan egingo dituzte, eta dagoeneko salgai daude saioetarako sarrerak. Hain zuzen, www.bertsosarrerak.eus atarian jarri dituzte txartelak salgai, hamabi euroan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide