Korrikako petoak saltzen aritu dira AEK-ren ordezkariak

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 19a, 09:24

AEK-koak Korrikako petoak saltzen, atzo, Azoka Plazaren atarian. (Ihintza Elustondo)

AEK-k Korrikako petoak saltzeko postua jarri zuen atzo, Azoka Plazaren atarian. Korrika Laguntzaile egin nahi dutenek ere postu berean izan zuten horretarako aukera. 

Apirilaren 8an igaroko da 22. Korrika Azpeititik eta Urola Kosta eskualdetik, eta bailarako AEK-k eta Korrika batzordeek lanean jarraitzen dute euskararen aldeko egitasmoaren etorrera girotzeko eta prestatzeko. Hori horrela, atzo Korrikako petoak saltzen izan ziren Azpeitian. Hain zuzen ere, 18:30etik 20:30era bitartean jarri zuten salmentarako postua, Azoka Plazaren atarian.

Petoak erosteaz gain, Korrika Laguntzaile egin nahi dutenek ere postu berean izan zuten horretarako aukera. "12 euroren truke, Korrikari ekarpen ekonomikoa egiteaz gain, laguntzaileek abantailak ere eskuratuko dituzte: astero zozketak, deskontuak... Aurten, gainera, berrikuntza gisa, eskualdeko AEK-k zortzi lagunentzako asteburu baterako zozketa egingo du", azaldu dute AEK-koek.

Martxoaren 27an, Xoxotera

Martxoko azken iganderako prestatzen ari diren ekintzaren berri ere aurreratu du AEK-k. Egun horretan, hilaren 27an, Xoxotera txangoa egingo dute Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako mendizale elkarteekin batera, "Korrikaren aurreko bi edizioetako ekintzari jarraipena" emanez.

Mendi irteera horren xehetasunak aurrerago zehaztuko dituzte antolatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide