Karnabalak 2022

Sari banaketa ekitaldia eginda, zabaldu dute Sokamuturra argazki lehiaketaren erakusketa

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 19a, 13:48

Santi Eliasek irabazi du aurtengo sari nagusia, Orkatz argazkiarekin. Lehiaketara aurkeztu dituzten argazkiekin erakusketa zabaldu dute Betharrameko aretoan; apirilaren 9ra arte izango da zabalik.

Ohi bezala, karnabalen bueltan, Sokamuturra argazki lehiaketa antolatzen du Azpeitiko Argazki Elkarteak. Orain gutxi jakinarazi zuten zeintzuk izan diren aurtengo irabazleak, eta gaur egin dute sari banaketa ekitaldia, 13:00etan hasita, Betharrameko aretoan.

Hain zuzen ere, Santi Eliasek irabazi du aurtengo sari nagusia, Orkatz argazkiarekin; bigarren saria Roman Azkuek eskuratu du, Aldapan gora argazkiarekin; hirugarrena Angel Olabarriak, Soka dantzan argazkiarekin; laugarrena Alberto Belokik, Ordurarte lasai argazkiarekin, eta bosgarrena Igor Froilanek, Ez nauk harrapauko argazkiarekin. Inauterietako jai giroari buruzko argazki onenaren Iñaki Joaristi Altzarte saria, berriz, Alberto Belokiren Zeruan bezala argazkiarentzat izan da.

Juan Mari Amenabarrek, Borja Eizagirrek, Enekoitz Esnaolak eta Iñigo Kortak osatu dute aurtengo epaimahaia. Guztira, 25 pertsonak parte hartu dute lehiaketan –bi emakumek eta 23 gizonek–; azpeitiarrez gain, herritik kanpoko zenbaitek ere parte hartu dute. Sokamuturrari lotutako 110 argazki aurkeztu dituzte, eta beste 29 izan dira inauteri giroa jasotzen dutenak.

Erakusketa zabalik

Sari banaketa ekitaldia eginda, Sokamuturra argazki lehiaketaren erakusketa zabaldu dute, Betharrameko aretoan bertan. Lehiaketara aurkeztu diren argazki guztiak ezin izan dituzte han jarri leku faltagatik, baina gehienak ikusgai daude. Apirilaren 9ra arte izango da zabalik erakusketa, honako ordutegi honetan: astegunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara.

Ohitura den moduan, Imanol Elias zena eta Iñaki Joaristi Altzarte elkarteko kide zena gogoan izan dituzte gaurko sari banaketan, eta lore sorta bana jaso dute beren alargunek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide