Emakumeentzat garaipena, gizonentzat berdinketa

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 20a, 08:42

Lagun Onaken eta Zumaiakoren arteko partidako une bat. (Ihintza Elustondo)

Lagun Onaken emakumeen talde nagusiak hiru eta bi irabazi dio Zumaiakori. Gizonek, bestalde, bana berdindu dute Durangon.

Lagun Onak futbol klubeko bi talde nagusiek atzo, larunbata, jokatu zituzten aste honetako neurketak. Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak Zumaiako hartu zuten etxean, eta partida gogorra jokatu ostean, hiru eta bi gailendu zen Azpeitiko taldea. Zazpigarren minutuan sartu zuen lehen gola Nahiak, Maialenen pasearen ondoren, eta hamabigarren minutuan, bikote bera izan zen nagusi: Nahiaren pasearen ondoren, Maialenek atera bidali zuen baloia. 34. minutuan, ordea, Zumaiakoren gola iritsi zen, eta beraz, markagalikuakk bi eta bat adierazten zuela joan ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian, Lagun Onaken hirugarren gola sartu zuen Eneritzek, eta beraz, eroso sentitu ziren etxekoak. Dena den, Zumaiakok estutu egin zuen partidaren amaieran, eta 74. minutuan, beste gol bat sartu zuen. Azken hondarrean pixka bat sufritu zuen Azpeitiko taldeak, baina azkenean, hiru puntuak poltsikoratu zituen. Gaur-gaurkoz, 34 punturekin, zortzigarren postuan da Lagun Onak.

Gizonek berdinketa Durangon

Gizonezkoen Espainiako Hirugarren Mailako taldeak, bestalde, bana egin zuen Durangon (Bizkaia). Emaitza ona izan zen Lagun Onakentzat, sailkapenaren goiko aldean ibili ohi delako Durango. Lehen zatian nahiko eskas aritu zen Azpeitiko taldea, eta bat eta huts galtzen hasi ziren. Hala ere, pare bat aukera izan zituzten lehen zatian. Bigarren zatian hobeto aritu zen Lagun Onak, eta orduantxe iritsi zen taldearen lehen gola eta bakarra: Manexek sekulako gola sartu zuen. Aipatzekoa da azkenaldian bolada onean dela jokalari hori.

Durangok jokalari onak ditu, baina oso zuzen aritu ziren jokatzen, eta zelai hain handian horrela jokatuta ez zuten gehiegi asmatu. Beraz, puntu bakarrarekin, baina aho zapore nahiko onarekin etxeratu zen Lagun Onak. Une honetan, 39 punturekin, hamalaugarren postuan da Lagun Onak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide