Aitor Mimenza eta Nerea Etxeberria txapeldun, Zestoako 42. Herri Krosean

Ihintza Elustondo 2022ko mar. 20a, 14:27

Aitor Mimenza, helmugara iristen. (Ihintza Elustondo)

Sekulako erakustaldia eman du Mimenzak, errekor berria jarrita: 28 minutu eta sei segundo behar izan ditu 8,5 kilometroko proba amaitzeko. Etxeberriak, bestalde, 37 minutu eta 55 segundoko denbora egin du. 

Zestoako Herri Krosaren 42. edizioa egin dute gaur, eta Azpeitira ekarri dituzte bi txapelak: hain zuzen ere, Aitor Mimenza eta Nerea Etxeberria nagusitu dira helduen proba luzean. Sekulako erakustaldia eman du, gainera, Mimenzak, errekor berria jarrita: 28 minutu eta sei segundo behar izan ditu 8,5 kilometroko proba amaitzeko. Bi minutu pasako aldea atera dio bigarren sailkatuari, eta beraz, bakar-bakarrik helmugaratu da. Duela bi urte ere, berak irabazi zuen lasterketa hori. Etxeberriak, bestalde, 37 minutu eta 55 segundoko denbora egin du.

Gizonetan, Mikel Garate azkoitiarrak eskuratu du bigarren postua, 30:53 denborarekin. Haren atzetik beste azpeitiar bat sailkatu da; Jon Odriozola (31:27). Emakumeetan, Ainhoa Canseco sailkatu da bigarren, 39:14 denborarekin, eta Aintzane Olaizola hirugarren (39:31).

Ohi bezala, helduek bi ibilbide izan dituzte aukeran, eta proba luzeaz gain, laburra egin dute beste hainbatek, 2,6 kilometrokoa. Horien artean, Julen Azpiazu izan da nagusi, 08:45 denborarekin. Garikoitz Tabasco sailkatu da bigarren (09:26), eta Oihan Aramendi hirugarren (10:21). Emakumeetan, berriz, Uxue Sainz de Baranda izan da irabazlea (10:37), Eneritz Aramendi sailkatu da bigarren (10:40) eta Uxue Ortega hirugarren (11:13).

Informazio osatua eta argazki gehiago, Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Nerea Etxeberria helmugaratu den unea. (I. E.)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide