Ekain Ajerrista txirrindulariak afizionatuetan debutatuko du Eulen-Nuuk taldearekin

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 21a, 16:29

Ekain Ajerrista, Eulen-Nuuk taldearen elastikoa soinean duela, joan den asteko aurkezpen ekitaldian. (Aritz Mutiozabal)

Joan den ostegunean aurkeztu zuen Zarauzko taldeak 23 urtez azpiko eta Elite mailetako txirrindulariekin 2022 denboraldirako osatu duen taldea, eta joan den urtera arte Lagun Onak txirrindulari elkartearekin aritu zen azpeitiarra ere bertan izan zen.

Jubeniletako ibilbidea osatuta, afizionatu mailan lehiatzen jarraituko du denboraldi honetan Ekain Ajerrista txirrindulariak. 23 urtez azpikoen mailan ariko da, hain zuzen ere, iaz arte Lagun Onak txirrindulari elkartean aritutako gaztea, eta Eulen-Nuuk taldearen eskutik egingo du debuta afizionatuetan.

23 urtez azpiko eta Elite mailetako hamahiru txirrindularik osatuko dute 2022an Zarauzko Jira-Bira klubekoen afizionatuetako taldea. Joan den ostegunean egin zuten taldearen aurkezpen ekitaldi ofiziala, Zarauzko Modelo aretoan, eta han izan zen Ajerrista, taldekideekin batera.

2021ean, Lagun Onaken Atracciones Sanz taldearekin lehiatutako azken urtean, Uzarragako Igoera irabazi zuen Ajerristak, jubenil ibilbideko bere lehen garaipena; eta Gipuzkoako selekzioarekin ere hainbat probatan parte hartu zuen, hala nola Ain Bugey Valromey Tour, Ronde des Vallees eta Ribera de Duero lasterketetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide