Gazteen Europako Olinpiar Jaialdian parte hartzen ari da Alaia Juaristi eskiatzailea

Julene Frantzesena 2022ko mar. 22a, 11:37

Alaia Juaristi atzoko proban. (BAT)

Espainiako selekzioarekin ari da lehiatzen Finlandian egiten ari diren txapelketan. Atzo iraupen eskiko estilo libreko 7,5 kilometroko proban parte hartu zuen, eta 48. postuan sailkatu zen. Gaur, berriz, 47. egin du estilo klasikoko bost kilometroko lasterketan.

Alaia Juaristi iraupen eskiatzailea Gazteen Europako Olinpiar Jaialdian parte hartzen ari da egunotan. Finlandiako Vuokatti herrian ari dira txapelketa egiten, eta azpeitiarra Espainiako selekzioarekin ari da parte hartzen.

Hain zuzen ere, atzo iraupen eskiko estilo libreko 7,5 kilometroko proban lehiatu zen Juaristi, eta 48. sailkatu zen, ibilbidea 26 minutu eta 5 segundotan gauzatuta. Lisa Eriksson izan zen nagusi atzokoan; hark baino bost minutu eta hemezortzi segundo behar izan zituen azpeitiarrak proba bukatzeko.

Gaur, berriz, estilo klasikoko bost kilometroko lasterketan parte hartu du azpeitiarrak, eta 47. sailkatu da, proba 17 minutu eta 26 segundotan bukatuta. Iris Pinter italiarrak irabazi du lasterketa, eta hark baino hiru minutu eta segundo bat gehiago behar izan ditu Juaristik.

Hodei Juaristi, hirugarren

Bestalde, Hodei Juaristik hirugarren postua erdietsi du Iraupen Eskiko Espainiako Kopan, U16 kategorian. Joan zen asteburuan jokatu zuten txapelketako azken lasterketa Larra-Belaguan (Nafarroa), eta sailkapen orokorrean brontzea eskuratu du azpeitiarrak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide