Martxoaren 22an, gaurko egunarekin, hogeita hemezortzi urte beteko dira Espainako Poliziak Pasaiako sarraskia burutu zutela.
Rosa Jimenoren atxiloketarekin hasi zen dena. Poliziak Rosa bahitu ondoren, sekulako torturak eraginez prestatu zuten Pasaiako Segada.
Ehunka poliziak (tartean Espainako Guadalajaratik etorritako polizia bereziak, GEOak) gaueko iluntasuna zela medio bortizki tirokatu zituzten gure lau senideak.
Segadaren ondorioak: Pedro Mari Isart Pelitxo, 28 bala zuloz eraila, eta Jose Maria Izura Pelu, 28 bala zuloz eraila.
Hau nahikoa ez, eta mendekua bukatzeko, aurrenengo tiroketan bizirik atera ziren Rafael Delas Txapas eta Dioni Aizpuru Kurro bertatik bertara fusilatu zituzten, 21 eta 36 bala zulo eraginez, hurrenez hurren.
Ikaragarria, sinestezina, baina tamalez horrela gertatu zen.
Ikerketa abiatu zuen epaileak, polizia bat bera ez zuen deklaratzera deitu. Rosaren torturagatik diligentziarik ez zuten egin, eta hilabete gutxiren bueltan auzia artxibatuta gelditu zen.
Gertaera hauek Estatuaren biolentziak eragin duen inpunitatearen adibide garbia dira.
Epaitegietako bidea antzua zela ikusirik, Eusko Jaurlaritzara jotzea erabaki genuen. Sei hilabete pasatu ziren aurrenengo bilera lortzeko. Geroztik eduki ditugun bileretan, hitz ederrak bai, baina errekonozimendurik ez. Aurrena, Poliziaren gehiegikerien legea onartu behar zuten. Hau onartu eta gero, 2019. urtean eskaera aurkeztu genuen, gure kasua aztertua izan zedin. Ia hiru urte pasatu dira, eta ez dugu inongo berririk jaso.
(Irakurri gutuna osorik Berria.eus webgunean)