Oinarrizko argazkigintza ikastaroa antolatu du Azpeitiko Argazki Elkarteak

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 23a, 12:31

Reflex kamera digitala erabiliko dute oinarrizko argazkigintza ikastaroan.

Apirilaren 27tik ekainaren 15era bitartean emango dute ikastaroa, astean behin, asteazkenetan, 20:00etatik 21:30era. Reflex kamera digitala eraman beharko dute ikasleek, eta izena emateko epea apirilaren 13an itxiko dute.

Bi urteko geldialdiaren ostean, oinarrizko argazkigintza ikastaroa emango du aurten berriro Azpeitiko Argazki Elkarteak.

Datorren apirilaren 27tik ekainaren 15era bitartean, astean behin izango dute hitzordua izena ematen dutenek, asteazkenetan. Apirilaren 27an, maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 25ean, eta ekainaren 1ean, 8an eta 15ean izango dira ikastaroaren saioak, zortzi guztira. Ordu eta erdiko saioak izango dira, 20:00etatik 21:30era, eta elkartearen egoitzan emango dituzte, Soreasuko Dinamoa sormen gunearen lehen solairuan.

Apirilaren 13a izango da izena emateko azken eguna, aae.azpeitikoargazkielkartea@gmail.com posta helbide elektronikoan, baina gehienez 20 laguneko taldea osatu nahi dute antolatzaileek. Izen-ematea 60 euro dira, eta parte hartu nahi dutenek beraiek eraman beharko dute ikastaroa emateko beharko duten reflex motako argazki kamera digitala. Eskolak euskaraz emango dituzte, eta ikastaroan zehar irteera praktikoak ere egingo dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide