Juaristi ISBk galdu egin du Basquet Gironaren aurka

Andoni Elduaien 2022ko mar. 24a, 11:00

Marc Gasol jokalari ezaguna izan zuten atzo aurkari Juaristi ISBko jokalariek. (FEB)

85 eta 73 galdu zuen atzo Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak Basquet Girona taldearen aurka. Atsedenaldira arte eutsi zion ISBk aurkariari. Igande arratsaldean, Tau Castello taldea izango du aurkari Azkoitiko Elkargunean.

Juaristi ISBk ezin izan zuen atzo, asteazkena, Basquet Girona mendean hartu. Urtarril amaieran bertan behera utzi zuten 18. jardunaldiko partida jokatu zuten kataluniarrek eta Azkoiti-Azpeitiko taldeak. NBAn ibilbide luzea egin duen Marc Gasol jokalari ezagunaren taldearen aurka aritu zen ISB, baina ez zuten garaipena poltsikoratzeko modurik aurkitu. Atsedenaldira partida orekatuta iritsi bazen ere, hirugarren eta laugarren laurdenetan etxeko taldeak egin zuen lana ona izan zen.

Talde bakoitzak norbere kartak erakutsi zituen lehiaren hasieran, eta partidari txukun ekin zioten. Basquet Girona errenta txikiak lortzeko gai izan zen Iñaki Jimenezen taldearen aurrean. Hala eta guztiz ere, Juaristi ISBk nortasuna erakutsi zuen, eta aurkariaren oldarraldiei eutsi zien, baita Gasolen uztaipeko jokoari ere. Pibota, ordea, pisua irabazten joan zen bere taldearen mesedetan, eta aurkariak erakarrita min handia egin zuen.

Atsedenaldira 38 eta 36 iritsi zen neurketa, baina hortik aurrera etxeko taldeak beste bide batzuk aurkitu zituen erasoan, eta bereziki, min handia egin zuten kataluniarren joko antolatzaileek. Juaristi ISB azken laurdenean saiatu zen aurkariarengana markagailuan hurbiltzen, baina etxekoek partidaren erritmoa kontrolpean izan zuten une oro, eta garaipena etxean gelditu zen

Atzoko partidan Manex Ansorregi azkoitiarrak lortu zuen taldeko balorazio onena, 21 punturekin. Aldiz, Ondrej Hanzlik (20) eta Sidy Cissoko (16) izan ziren taldeko saskiratzaile nagusiak. Igandean, Juaristi ISBk Tau Castello taldearen aurka jokatuko du Azkoitiko Elkargunean, 17:00etatik aurrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide