Ukrainara bidaltzeko elikagaiak eta bestelako produktuak biltzen hasi dira Iberotarren plazako bizilagunak ere

Julene Frantzesena 2022ko mar. 24a, 10:48

Herritarrak Iberotarren plazan produktuak biltzen.

Vladys Kutxerenkok eta Alex Sarasuak Sanjuandegin martxan duten bilketarekin bat eginez, Iberotarren plazan ere produktuak jasotzen hasi dira gaur. Ostegunero bilduko dituzte produktuak, goizez 10:00etatik 12:00etara bitartean, eta arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara.

Duela aste batzuk hasi ziren Vladys Kutxerenko eta Alex Sarasua Ukrainara bidaltzeko produktuen bilketa egiten Sanjuandegin, eta haien egitasmoarekin bat eginez, Iberotarren plazako bizilagun talde batek zeregin horri ekin dio. Plaza horretan bertan muntatu dute biltegia, 1. zenbakiaren beheko lokalean, eta gaur, ostegunarekin, hasi dira elikagaiak nahiz bestelako produktuak jasotzen.

Ostegunero egingo dute bilketa, goizez 10:00etatik 12:00etara bitartean, eta arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara. Herritarrek askotariko elikagaiak eraman ahal izango dituzte hara, hala nola atun eta sardina latak, dilistak, babak, makarroiak, arroza, gailetak, txokolatea, olioa, ura, esnea nahiz umeentzako esne hautsa. Horrez gain, baina, bestelako produktuak ere bilduko dituzte: ur oxigenatua, bendak, hidro-alkohola, konpresak, fardelak, biberoiak zein muki zapiak, besteak beste. Bilketa gauzatzen ari diren herritarrek arroparik ez dutela jasoko adierazi dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide