Hodei Tena omenduko dute Lagun Onakek eta Anaitasunak igandean jokatuko duten derbian

Andoni Elduaien 2022ko mar. 25a, 10:30

Iaz, Garmendipen jokatu zuten derbiko irudia. (Aitziber Arzallus)

Anaitasuna eta Lagun Onak futbol taldeen gizonezkoen lehen taldeek igandean jokatuko dute denboraldiko bigarren derbia. 17:30ean dute neurketa, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. Egun, sei puntuko aldea besterik ez dago Anaitasunaren eta Lagun Onaken artean.

Berriz ere iritsi zaie Lagun Onak eta Anaitasuna futbol taldeetako gizonezkoei aurrez aurre jartzeko eguna. Igandean, 17:30ean, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian jokatuko dute 2021-22 sasoiko bigarren derbia. Azken hiru derbiak jarraian irabazi ditu Anaitasunak. Pasa den denboraldian, azken hondarrean, 0 eta 1 irabazi zuen Xabi Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak Azpeitian, eta 3 eta 2 gailendu zen Txerloian. Denboraldi honetako lehen derbian, berriz, 2 eta 1 menderatu zuen Anaitasunak Lagun Onak taldea. Errebantxa gosez dira azpeitiarrak eta azkoitiarrek erreskan laugarren derbia eskuratu nahi duten.

2021eko azaroan jokatu zuten derbi hartan baino parekatuago daude bi taldeak egun sailkapenean. Orduan, hamalau puntuko aldea zuten, baina azken hamabi jardunaldietan partida bat bakarrik galduta, Lagun Onak sei puntura hurbildu zaio Anaitasunari. Denboraldiko unerik onenean da Azpeitiko taldea; izan ere, azken hemezortzi puntuetatik hamalau batu ditu Ander Avellanedaren taldeak. Bide horretan, azpeitiarrek jaitsiera postuak atzean utzi dituzte; orain, Lagun Onakek baino bost puntu gutxiago ditu mailaz jaisteko postuak markatzen dituen Ondarroako (Bizkaia) Aurrera taldeak.

Anaitasunak, bestalde, zortzi puntura ditu igoerarako play-off postuak eta 11ra jaitsierakoak. Azken sei partidetan sei puntu batu ditu taldeak, eta urrundu egin da igoerako borrokatik. Txerloia da Artetxeren taldearen indargune nagusiena, aurten oraindik ez baitu partida bakar bat ere galdu Anaitasunak etxean. Era berean, duela bi aste amaitu zuen etxetik kanpoko bolada txarra. Azken bederatzi partidak jarraian galduta zituzten azkoitiarrek herritik kanpo, baina Amurrion lortu zuten begiz jota zuten garaipena.

Txerloiko derbian bezala, etzi ere bi taldeetako jarraitzaileek partida bertatik bertara ikusteko aukera izango dute Garmendipen. Lagun Onakeko bazkideek doan izango dute sarrera, baina gainontzekoek honako prezio hauek ordaindu beharko dituzte: neurketa tribunan ikusi nahi izanez gero, hemezortzi euro; gainontzeko lekuetan ikusteko, hamabost euro; jubilatuek hamar euro, eta 18 eta 21 urte bitartekoek zortzi euro (NANa erakutsi beharko dute). 

Omenaldia Hodei Tenari

Igandeko derbia hasi aurretik, Lagun Onak futbol taldeak omenaldia egingo dio Hodei Tena jokalari ohiari. 22 urte igaro zituen ezker jokalariak Azpeitiko taldean, horietatik hamazazpi Espainiako Hirugarren Mailan. Guztira, 520 partida jokatu zituen Tenak Lagun Onakeko elastikoarekin maila horretan. Lagun Onakek honako mezua zabaldu du sare sozialen bidez: "Garmendipeko handienen txokoan eserleku bat baino gehiago lortu duzu: tronua. Eredu bat izan zara futbol taldearentzat eta herriarentzat".

Honako lotura honetan irakur daiteke Uztarria.eus-ek futbola uztea erabaki zuela-eta Tenari 2020an egindako elkarrizketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide