Irati Aizpurua: "Ohituretatik dator askotan indarkeria obstetrikoa"

Gipuzkoako Hitza 2022ko mar. 28a, 09:04

Irati Aizpurua abokatua. (iratialkezar.com)

Indarkeria obstetrikoaz hitzaldia emango du Irati Aizpurua Alkezar abokatuak (Donostia, 1987), asteazkenean, 18:30ean, Emakumeen Txokoan. Indarkeria obstetrikoa kontzeptuaz eta haren atzean dagoenaz hitz egiteaz gain, Aizpuruak ikuspegi juridikotik ere helduko dio gaiari. Gipuzkoako Hitzarako elkarrizketatu du Miren Garatek.

Espainiako Gobernuak sexu eta ugalketa osasunari buruzko legearen barruan jaso nahi du indarkeria obstetrikoa. Beste toki batzuetan juridikoki onartuta al dago indarkeria mota hori?

Espainiako Estatuan, emakumeen aurkako indarkeriaz hitz egiten denean, oso kontzeptu mugatua izaten da oraindik; normalean, bikotekideak edo bikotekide ohi batek egiten duenean hartzen da indarkeriatzat. Nazioarteko testuetan, ordea, zabalagoa da indarkeria matxistaren kontzeptua. Katalunian, adibidez, 2020ko indarkeria matxistaren aurkako legean jaso dute espresuki indarkeria obstetrikoa, eta emakumeen aurkako indarkeria forma bat dela esaten da, indarkeria fisikoa, psikikoa edo sexuala bezala. Nazio Batuen Erakundeak ere txosten bat egin zuen 2019an, eta ulertzen du emakumeen aurkako indarkeria mota bat dela, eta, ondorioz, giza eskubideen aurkako praktika bat.

Espainiako lege horren harira, Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusia izan da indarkeria obstetrikoa kontzeptuaren aurka agertu denetako bat. Zergatik?

Indarkeria obstetrikoaren barruan, ez da indarkeria fisikoa bakarrik sartzen; erditzearen inguruan ematen den inguruabar guztia hartu behar da kontuan: tratua, babes emozionala… Indarkeria obstetrikoa, azken batean, norbaitek egiten du, eta indarkeria obstetrikoa aitortzea osasun arloko langileak kriminalizatzea dela esaten du kontseilu horrek. Alabaina, protokoloetatik eta ohituretatik dator askotan indarkeria obstetrikoa: badaude ginekologoak-eta esaten dutenak ‘nik egin dut, baina ez nintzen kontziente’. Batzuetan, planteatu ere ez da egiten egon daitezkeela egiteko beste modu batzuk.

Oraindik ere gai ezezaguna al da?

Bai. Horregatik dira interesgarriak hitzaldiak eta halakoak, joan behar garelako kontzientzia hartzen atzean dagoenaz. Indarkeria obstetrikoa ez da orain asmatutako zerbait, hor dago, sistemaren parte da, eta jendeari erremintak eman behar zaizkio nork bere esparruan aurre egiteko eta prebenitzeko. Indarkeria obstetrikoaren kontzeptua erabiltzen dugun profesionalon asmoa ez da izaten ‘mediku honek hau egin du’ esatea, alegia, banaka-banaka seinalatzea, baizik eta esan nahi dugu sistemaren gauza bat dela indarkeria eta aurre egin behar diogula. Profesionalei prestakuntza eman behar zaie, erditzeko bestelako modu batzuk badaudela erakutsi, gaiari buruzko ikerketak egin… Hori izango da indarkeria obstetrikoa saihesteko bidea.

(Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide