Azpeitiko Udalak lehiaketa publikora atera du Enparan kaleko 6. zenbakian dagoen Baigera I jubilatuen taberna. Erakundeak jakinarazi duenez, apirilaren 11 bitartean egongo da proposamenak aurkezteko epea, eta gehienez ere lau urterako izango da esleipena.
Taberna eta jatetxea kudeatzeko ardura hartzen duenak hainbat baldintza bete beharko ditu. Esaterako, ostalaritza guneak 09:30etik 21:00etara irekita egon beharko du astelehenetik igandera bitartean. Horrez gain, esleipendunak ordaindu beharreko hileko kuota 300 eurokoa (+BEZ) izango da, eta ohiko jarduneko gastuak bere gain hartu beharko ditu.
Era berean, "inguruarekin eta ekipamenduarekin ezaugarriekin bat" datorren zerbitzua eskaini beharko da, bezeroekin euskaraz hitz egin ahal izatea bermatu beharko da, bertako produktuak eskaini beharko dira, eta Baigerako Zuzendaritza Batzordeak ezarritako tarifak ezarri beharko dira. Horrez gain, adin txikikoei ezingo zaie alkoholdun edaririk saldu, ezingo da erre, prezioen zerrenda eta jarduera lizentzia ikusgai jarri beharko dira, eta erreklamazio orriek eskuragarri egon beharko dute.
Honako lotura honetan irakur daitezke lehiaketa publikoaren baldintza eta xehetasun guztiak.