Garaipen gozoa erdietsi du Lagun Onakek Anaitasunaren aurka

Anartz Izagirre 2022ko mar. 27a, 20:34

Denboraldiko bigarren derbia izan da gaur, igandea, Garmendipe zelaian, eta Azpeitiko taldeak hiru puntu erdietsi ditu neurketan, 75. minutuan Kepak egindako golari esker. Neurketa berezia izan da, gainera, gaurkoa; izan ere, Hodei Tena Lagun Onakeko jokalari ohia omendu dute norgehiagokaren hasieran.

Eguraldi ona lagun, jende mordoa elkartu da gaur, igandea, Lagun Onakek eta Anaitasunak Garmendipen jokatu duten derbian. Espainiako Hirugarren Mailako bi taldeek denboraldiko bigarren neurketa jokatu dute gaur elkarren aurka, eta Azpeitiko taldeak hiru puntu eskuratu ditu partidan, 75. minutuan baloia sareratzea lortu baitu Kepak. Giro ezinhobea sortu da harmailetan eta zelaiaren inguruan, alde bateko eta besteko zaleen animo oihuekin.

Neurketa berezia izan da, gainera, gaurkoa. Izan ere, derbia hasi aurretik Lagun Onak futbol taldeak omenaldia egin dio Hodei Tena jokalari ohiari. 22 urte igaro zituen ezker jokalariak Azpeitiko taldean, horietatik hamazazpi Espainiako Hirugarren Mailan. Guztira, 520 partida jokatu zituen Tenak Lagun Onakeko elastikoarekin maila horretan. Lagun Onakek honako mezua zabaldu du aste honetan sare sozialetan: "Garmendipeko handienen txokoan eserleku bat baino gehiago lortu duzu: tronua. Eredu bat izan zara futbol taldearentzat eta herriarentzat".

Tenak oroigarria eta txapela jaso ditu norgehiagokaren hasieran, eta bere emazteak aurreskua egin dio zelaian. Horren ostean, berriz, ohorezko sakea egiteko aukera izan du azpeitiarrak.

Balio handiko gola

Partidaren lehen zatian parekatua izan da neurketa, eta bi taldeek izan dute uneren batean edo bestean gola sartzeko aukera; Lagun Onaken Manex izan da fin ibili den jokalaria, eta Anaitasunan, Julen Aramendi. Atsedenaldira, dena den, hutsean joan dira Lagun Onakeko eta Anaitasunako jokalariak. Partidaren bigarren zatian, ordea, Lagun Onakek neurketari buelta emateko abagunea izan du, eta 75. minutuan gola sartu du Kepak. Horren ostean azkoitiarrak norgehiagokaren amaierara arte borrokatu dira berdinketaren bila, baina ez dute lortu aurkariaren atean golik sareratzerik. Horrenbestez, 1-0 amaitu da denboraldiko bigarren derbia —lehenengoan 2-1 irabazi zuen Anaitasunak, Txerloian—.

33. jardunaldiko gaurko neurketa irabazita, Lagun Onakek gora egin du sailkapeneko postuetan, eta une honetan, 42 puntu ditu; beraz, apur bat urrundu da jaitsierako postuetatik. Anaitasunak, bestalde, 45 puntu ditu, eta sailkapenaren erdi-erdian dago, 10. postuan, hain justu. Datorren partida apirilaren 3an jokatuko dute bi taldeek. Lagun Onakek Urduliz izango du aurkari etxetik kanpo, eta Anaitasunak Deustu, Txerloian.

Nesken porrota

Lagun Onakeko nesken lehen taldeak, berriz, Touring taldea izan zuen aurkari atzo, zapatua, Errenterian (Gipuzkoa), eta esku hutsik itzuli ziren handik. Atsedenaldira 1-0 galtzen joan zen Azpeitiko taldea, eta 52. minutuan egin zuen Errenteriko taldeak bigarren gola. Horren ostean, 72. minutuan heldu zen neurketako hirugarren eta azken gola, Touringek bere atean sartu baitzuen. 2-1 amaitu zen partida Errenterian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide