Alberdik Buruz Buruko Promozio Txapelketatik gertuago

Julene Frantzesena 2022ko mar. 28a, 11:13

Jon Alberdi ostiraleko jaialdian (21Iguales)

Ostiralean jokatu zuen txapelketa horretarako aurrekanporaketa Izarraitz pilotalekuan, eta Arteaga izan zuen aurrez aurre. Azpeitiarrak 7 eta 22 irabazi zuen neurketa. Gertuago du txapelketarako txartela; Bakaikoa garaitu beharko du horretarako. Bigarren partida ere etxean geratu zen: Alberdi II.a eta Mariezkurrena II.a nagusitu ziren.

Joan zen ostiralean pilota jaialdia izan zen Izarraitz pilotalekuan. Batetik, Buruz Buruko Promozio Txapelketarako aurrekanporaketa norgehiagoka jokatu zuten Arteagak eta Alberdik, eta azpeitiarra nagusitu zen 7 eta 22. Garaipen hori tarteko, azpeitiarrak gertuago du txapelketarako txartela; dena den, Bakaikoa garaitu beharko du lehian sartzeko.

Bigarren partida, berriz, Peña II.ak eta Arangurenek jokatu zuten Alberdi II.aren eta Mariezkurrena II.aren aurka. Joan zen urtarrilean debuta egin zuen pilotari azpeitiarrak ez zuen hutsik egin; izan ere, norgehiagoka 13 eta 22 irabazi zuten Mariezkurrena II.ak eta biek.

Giro bikaina izan zen frontoian, pintxo-poteoa eta trikitilariak ere izan baitziren han, jaialdia ikustera joan ziren dozenaka herritarren gozamenerako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide