'Golden Xey' ikuskizunaren prestaketa lanetan murgilduta dabil musika banda

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 30a, 13:30

Udal Musika Bandako kideak eta Xabier Zabala, atzoko entseguan. (Maialen Etxaniz)

Udal Musika Banda duela hilabete inguru hasi zen apirilaren 9an Golden Apple Quartet taldearekin eta Xabier Zabala musikariarekin eskainiko duen emanaldia prestatzen. Orain arte bandako kideek beren kabuz egin dituzte entseguak, baina atzo Zabala bera hurbildu zen entsegura, eta elkarrekin prestatu zituzten eskainiko dituzten abestietako batzuk. Emanaldia "berezia" izango dela aurreratu du Zabalak. 

Golden Apple Quartetek, Xabier Zabala konposatzaileak eta Azpeitiko Udal Musika Bandak Golden Xey ikuskizuna eskainiko dute apirilaren 9an Azpeitiko Soreasu antzokian, eta bandako kideak emanaldiaren prestaketan dabiltza duela hilabete ingurutik. Atzo, asteartea, entsegu berezia egin zuten, ordea; izan ere, Zabala bera bertaratu zen musika bandak Soreasun duen lokalera, eta bandako zuzendari Unai Frantzesenarekin batera aritu zen entsegua gidatzen. Hain zuzen, apirilaren 9ako emanaldian herriko musika banda arduratuko da Zabalak moldatutako abestiak jotzeaz. Zabalak soinuarekin lagunduko die, eta Golden Apple Quarteteko laukoteak jarriko die ahotsa abestiei. Lau horiek datorren astean etorriko dira Azpeitia bandarekin entseatzeko, eta hitzordu hori aprobetxatuko dute emanaldiari azken zertzeladak emateko.

Emanaldirako sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak eskuratu behar dira, eta horiek Kulturaz.eus webgunean lortu daitezke.

Golden Apple Quartetek Los Xey musika talde zenari omenaldia egiteko sortutako Golden Xey ikuskizuna da Soreasun eskainiko dutena. 2019an estreinatu zuen emanaldia, Errenteriako Musika Bandarekin batera, eta orain Azpeitiko Musika Bandaren txanda izango da. 

Udal Musika Bandako kideak eta Xabier Zabala atzo, musika bandaren lokalean. (Maialen Etxaniz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide