Argia ikustear da Erika Olaizolaren eta Amancay Gaztañagaren 'Krak' film laburra

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 30a, 17:04

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren beka jaso ondoren azpeitiarrak eta zestoarrak ondu duten ikus-entzunezkoa da Bost Teilatu bilduma osatzen dutenetako bat. Etzi aurkeztuko dute bilduma hori Zuian (Araba), eta herriz herri emango dute ondoren. Zapatuan, esaterako, Zestoan ikusi ahal izango da.

Krak, Erika Olaizola azpeitiarrak eta Amancay Gaztañaga zestoarrak zuzendutako film laburra, bihar hasiko da Euskal Herriko pantailetan bidea egiten.

Udalbiltzak Geuretik Sortuak egitasmoaren barruan iaz emandako bekari esker ondu dute Olaizolak eta Gaztañagak Krak, Tafallan (Nafarroa). Euskal kultura Euskal Herriko txoko ugaritara eramatea da Udalbiltzaren kultur proiektu horren xedea, sormen egonaldien eta egonaldi horietatik sortzen diren obren zirkuituaren bidez.

Emandako bekek eta egindako egonaldiek eman dute fruitua, eta hori erakusten hasiko dira orain. Hain zuzen ere, Bost Teilatu lan kolektiboaren aleetako bat da Krak, eta etzi, apirilaren 1ean, aurkeztuko dute lehen aldiz jendartean Bost Teilatu bilduma, Zuian (Araba);  Josu Martinezek Baigorrin (Behe Nafarroa) egindako Hitzak lanak; Eñaut Castagnetek Beran eta Lesakan (Nafarroa) sortutako Muga lanak; Leire Egañak Galdakaon (Bizkaia) egindako Erlojupekoa filmak; eta Raul Barrenasek Hernanin (Gipuzkoa) grabatutako Arnasa dira Krakekin batera bilduma osatzen duten ikus-entzunezkoak.

Zuian aurkeztu ondoren, herriz herri emango dute Bost Teilatu. Hain zuzen ere, zapatu honetan, apirilaren 2an, Zestoan izango da lan kolektiboa ikusteko aukera, Kultur Etxean, 19:00etan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide