"Lanerako gogoa" duen jendeari dei eginez egin du batzar nagusia Baigerak

Mailo Oiarzabal 2022ko mar. 31a, 10:49

Bi urte eta gero, berriro egin ahal izan dute urteroko biltzarra jubilatuen eta pentsiodunen elkartekoek. Egungo zuzendaritzak beste urtebetetz jarraituko du lanean, erreleborik ez dutelako, eta taldea berritzeko eta ordezkoen beharra nabarmendu dituzte, "ideia berriekin aire berria emateko elkarteari". Bazkide kuota bi euro igotzea onartu dute.

Aurreko bi urteetan pandemia tarteko bertan behera utzi ondoren. urteko batzar nagusia egin ahal izan du aurten Baigera Azpeitiko jubilatuen eta pentsiodunen plataformak. Atzo arratsaldean, azken hiru urteetako kontuei errepasoa egin eta aurtengorako dituzten asmoen berri eman zuten zuzendaritzakoek Baigera I-eko aretoan; 25 bat lagun elkartu ziren.

Egungo zuzendaritzak jarraitu egingo du eginkizun horretan, baina errelebo faltarekin kezkatuta azaldu ziren batzordekideak atzoko batzarrean. Patxi Altzibar lehendakariak zuzendaritza batzordeko kideek beren postuetan zenbat urte daramatzaten azaldu zuen: lehendakariak berak, idazkariak eta harreran dagoen batek laugarren urtea egingo dute karguan, eta Baigeraren estatutoek diotenez, karguan egon beharreko urteak bi edo lau dira; beraz, hiru horiek urte hau izango dute azkena, atzo jakinarazi zutenez. Diruzainak, berriz, dagoeneko lau urte bete ditu ardura horretan, "baina oraingoz ordezkorik ez duenez", jarraitu egingo du beste hilabete batzuetan. Bingoaren arduradunak eta beste batzordekide batek ere dagokien urte kopurua "aspaldi gainditu" zuten. Horiek aipatuta, "egoeraren larriaz" ohartarazi zuen Altzibarrek. "Lanerako gogoa duen jendea behar" dela esan zuen, "azken urteetan lortu dugun guztiarekin aurrera egiteko", eta horretarako erreleboa ezinbestekoa dela azpimarratu zuen, "ideia berriekin aire berria emateko elkarteari".

Kuoten eguneraketa

Koronabirusak nahi baino gehiago baldintzatuta bai, baina geldirik ez da egon Baigera azken urteetan. Mendi irteerak, eguneko ibilaldiak, egun gehiagotako ibilaldiak, jarduera fisikoak eta artistikoak egin dituzte, eta arlo sozialean hainbat egitasmo sustatu eta gauzatu ere bai, udalarekin elkarlanean.

Udalaren dirulaguntza, bazkideen kuotak eta aipatutako ekintzetan parte hartzen dutenek ordaintzen dituztenak dira Baigeraren diru sarreren iturriak. Hain zuzen ere, bazkideen kuota "azken hamar bat urteetan" bere horretan mantendu direla nabarmenduta, aurten kuota hori bi euro igotzea proposatu zuen zuzendaritzak, eta igoera onartu egin zuten atzoko batzarrean. Horrenbestez, 9 eurokoa izango da aurten Baigerako bazkideek onartuko duten urteko kuota.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide