Gipuzkoako ETEek "eraldaketa digitalaren esparruan izandako lorpen eta erronkak partekatzeko" parada izan zuten atzo Donostiako Kursaalen, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren barruan antolatutako Re-Think Industry jardunaldian.
Lurraldeko enpresetako, eragile ekonomikoetako eta I+G zentroetako 600 ordezkari elkartu ziren jardunaldi horretan, eta tartean egon zen Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen eta berrikuntza agentzia. Hain zuzen ere, jardunaldiaren barruan egin zituzten lau saio paraleloetako bat –Transformazioari aurre egiteko aliatuak izenekoa– zuzendu zuen Begoña Beobide Iraurgi Berritzenen zuzendariak; Garapen (Garapen Agentzien Euskal Elkartea) ordezkatu zuen jardunaldian Beobidek.