Bihar egingo dute Udaberriko Argazki Rallya

Julene Frantzesena 2022ko api. 2a, 09:11

Bihar bertan eman beharko da rallyrako izena, elkarteak Soreasuko Dinamoa sormen gunean duen egoitzan, 09:00etatik 09:30era bitartean. Hamar euro ordaindu beharko du parte hartzaile bakoitzak. Argazkilariek Azpeitian aterako dituzte rallyaren antolatzaileek proposatutako gaiei lotutako argazkiak, eta 14:00etan hustu beharko dute argazki txartela.

Negua baldin badirudi ere, udaberria da jada, eta urte sasoi horretan egin ohi dutenez, bihar, igandea, hitzordu garrantzitsua izango dute argazkizaleek. Izan ere, Azpeitiko Argazki Elkarteak 43. aldiz egingo du Udaberriko Argazki Rallya.

Bihar bertan eman beharko da rallyrako izena, elkarteak Soreasuko Dinamoa sormen gunean duen egoitzan, 09:00etatik 09:30era bitartean. Parte hartzaile bakoitzak hamar euro ordaindu beharko du, eta horiek kamera digitala eta memoria txartela eraman beharko dituzte.

Argazkilariek Azpeitian aterako dituzte rallyaren antolatzaileek proposatutako gaiei lotutako argazkiak. 14:00etan bukatuko da egitasmoa, eta argazkilariek Dinamoan deskargatu beharko dituzte argazki txartelak. Pertsona bakoitzak, gehienez, 36 argazki izan beharko ditu txartelean gordeta, kontroleko argazkia barne. Argazkiak ezabatu ahal izango dituzte, baina ezingo dituzte manipulatu. Puntuak banatzerakoan, irudien berezkotasuna, sormena eta teknika izango ditu kontuan rallyaren epaimahaiak.

Argazkiak eta sari banaketa

Hilabete bueltako epea izango dute parte hartzaileek argazkiak aurkezteko. Izan ere, antolatzaileek apirilaren 6an jarri dute epemuga. Posta elektronikoz argazkiakaae@gmail.com helbidera bidali beharko dira irudiak, partaidearen zenbakia eta aukeratutako argazkien zenbakiak adieraziz.

Sari banaketa ekitaldia astebete barru egingo dute, apirilaren 9an, larunbatez, 18:30ean hasita. Elkartearen egoitzan izango da, eta sariak banatu ez ezik, irudien emanaldia ere eskainiko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide