'Giza emantzipaziorako borrokak' erakusketarekin ekin die kultur jardunaldiei GKSk

Maialen Etxaniz 2022ko api. 1a, 16:39

Atzo plazan jarri zituzten zenbait panel. (Urola Erdiko GKS)

Urola Erdiko GKSk bederatzi koadro jarri zituen zintzilik atzo arratsaldean plazako arkupeetan. Horien bitartez, "historian zehar egon diren altxamendu edo iraultza desberdinei erreferentzia egitea" izan dute xede, "historiako garai desberdinetan jendeak zituen jakinminak ikusarazi eta jendeak horien inguruan hausnartzeko".

Kultur jardunaldiak antolatu ditu Urola Erdiko GKSk atzotik igandera bitarterako. Hain zuzen, atzo, martxoak 31, Azpeitiko plazan jarri eta aurkeztu zuten Giza emantzipaziorako borrokak izeneko erakusketarekin hasi zituzten kultur jardunaldietarako prestatutako ekintzak.

Guztira, bederatzi lanek osatzen dute Giza emantzipaziorako borrokak izeneko erakusketa. Horietako batzuk koadro artistikoak dira, beste batzuk olerkiak eta beste zenbait agitazio edo propagandako kartelak. Horietatik abiatuta, historian zehar gizakiak emantzipatzeko bizitako borroken azalpenak izan zituzten hizketagai atzokoan. GKSko kideek adierazi dutenez, erakusketarako aukeratu dituzten bederatzi koadroen bitartez, "historian zehar egon diren altxamendu edo iraultza desberdinei erreferentzia egitea" izan dute xede, "garai desberdinetako gizarteetan jendeak zituen jakinminak eta abiatutako borrokak erakutsiz". Beste helburu bat ere jarri diote erakusketari: "Ulertaraztea momentu historiko bakoitza ez dela betierekoa, eta aldagarria dela; herritarrei ikusarazi nahi diogu garai batean jende batek miresia aldatzeko borroka egin zuen bezala, gaur egungo egoera aldatzea gure esku dagoela". 

Gaur jarraituko dute antolatutako ekintzekin Zestoan, eta bihar itxiko dituzte jardunaldiak Azpeitian. Gaur eskualdeko hainbat artistek hausnartuko duten mahai ingurua izango da, 18:30ean, Zestoako Alondero aretoan. Ondoren, ogitartekoak afalduko dituzte Gaztetxean, eta segidan, Iagomagok magia ikuskizuna eskainiko du.

Bihar Gazte Koordinadora Sozialistak apirilaren 9an Berriozarren (Nafarroa) egingo duen jardunaldiaren nondik norakoak azalduko dituzte, 11:00etan hasita, Azpeitiko Azoka Plazako aretoan. Ondoren, bazkaria egingo dute Gaztetxean, eta segidan, Lur eta Eleneren kontzertua izango da. Bazkarirako eta kontzerturako sarrerak Haginpe tabernan egongo dira salgai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide