Mikel Larrañagak galdu egin du Iker Vicenteren kontrako apustua

Julene Frantzesena 2022ko api. 2a, 21:06

Iker Vicente eta Mikel Larrañaga apustua bukatzean, Tolosako zezen plazan. (Ibon Errazu)

Ikusmina piztu du erronkak, horren lekuko izan da Tolosako zezen plaza. Vicentek 47 minutu eta 47 segundo behar izan ditu sei oinbiko eta hamabi kanaerdiko ebakitzeko, eta ia bi minutura, 49 minutu eta 40 segundotara bukatu ditu lanak Larrañagak. Vicenterentzat izan dira jokoan ziren hamalau mila euroak.

Mikel Larrañagak ezin izan ditu aurretik zituen arantzak kendu. Izan ere, galdu egin du gaur, zapatua, Iker Vicenteren kontra Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan jokatu duen apustua. Ikusmina piztu du erronkak, horren lekuko izan dira han elkartu diren ehunka herri kirol zaleak. 18:30ean hasita, ordubete baino lehenago bukatu dituzte lanak bi aizkolariek.

Ez zituzten nolanahiko lanak egin behar Larrañagak eta Vicentek. Hain zuzen ere, sei oinbiko eta hamabi kanaerdiko ebaki behar zituzten biek ala biek. Vicentek oinbikoekin eman dio hasiera lehiari, eta Larrañagak kanaerdikoekin. Lanerdietara paretsu iritsi dira bi kirolariak, baina gero, enbor baten gorabeheran –oinbiko batean adar begia agertu zaio Larrañagari–, aldea atera dio Vicentek. Horixe azken emaitza: 47 minututan eta 47 segundotan bukatu ditu lanak Vicentek, eta 49 minututan eta 40 segundotan Larrañagak.

23 urte ziren punta-puntako bi aizkolarik halako desafiorik jokatzen ez zutela, eta gogotik prestatuta iritsi dira bi kirolariak gaurko hitzordura. Batek irabazi behar, ordea, eta gaurkoan Vicentek lortu du garaipena. Harentzat izan dira, beraz, jokoan ziren hamalau mila euroak –zazpina mila euro jarri zituen aizkolari bakoitzak–.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide