Giro ederrean jokatu dute Gipuzkoako 51. Hiru Txirlo txapelketako jardunaldia Garmendipeko bolatokian

Maialen Etxaniz 2022ko api. 3a, 10:46

Gipuzkoako hainbat txokotako bolariek parte hartu zuten atzo Garmendipeko bolatokian jokatutako jardunaldian. Azpeitiarrak ere izan ziren tartean. Bolatikiaren egoerak bolarien lana zaildu zuen arren, giro ederra nagusitu zen. Hurrengo jardunaldia Elgetan jokatuko dute.

Martxan da Gipuzkoako 51. Hiru Txirlo bola joko txapelketa, eta atzo, larunbata, jokatu zuten denboraldiko bigarren jardunaldia Azpeitian. Hain zuzen, Garmendipeko bolatokian egin zituzten jaurtialdiak,  17:00etan hasita. Gipuzkoako hainbat txokotako 80 lagun inguruk parte hartu zuen atzoko hitzorduan, eta Azpeitiko bolariek ez zuten hutsik egin. Bi ordu pasatxo iraun zuen jardunaldiak, Garmendipeko lurrak bolarien lana zaildu baitzuen. Dena den, giro paregabea sortu zen bolatokian. Atzoko emaitzek eragina izango dute sailkapen orokorrean. 

Datozen jardunaldiak Elgetan, Elgoibarren, Itziarren, Leintz-Gatzagan, Eibarren, Aretxabaletan nahiz Bergaran egingo dituzte, eta finalak Azkoitiko Floreaga auzoan jokatuko dituzte, ekainaren 4an. Lehendakari Saria, berriz, Soraluzen jokatuko dute ekainaren 11n.

(Argazkiak: Maialen Etxaniz)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide