Hasi da Buruz Buruko Promozio Txapelketa, eta Azpeitiak ordezkaritza zabala izango du lehian; izan ere, aurrez sailkatuta ziren Egiguren V.ari eta Alberdi II.ari, Alberdiren parte hartzea gehitu behar zaio. Herenegun lortu zuen Alberdik txapelketarako txartela Amurrion (Araba), bigarren aurrekanporaketan –aurrekoan Arteagari irabazi zion– Bakaikoa 22 eta 21 garaituta. Lehia estua izan zen, bizia, eta azpeitiarrak lortu zuen helburua; banakako txapelketan aritzeko aukera izatea.
Era berean, asteburuan hasi da buruz burukoa, eta lehen partidak jokatu dituzte Azpeitiko pilotariek. Hain zuzen ere, Egiguren V.ak garaipena eskuratu zuen zapatuan Amurrion, Larrazabal 22 eta 13 mendean hartuta. Alberdi II.ak, berriz, partida ona jokatu bazuen ere, ezin izan zuen Zabala garaitu: 22 eta 15 bukatu zen Albelda de Ireguako (Errioxa) neurketa.