27 lagunek parte hartu dute Udaberriko Argazki Rallyaren 43. edizioan

Julene Frantzesena 2022ko api. 3a, 16:19

Rallyko parte hartzaileetako batzuk gaur goizean Argazki Elkartearen egoitzan. (Juan Mari Ibarzabal)

Gipuzkoako nahiz Bizkaiko hainbat herritako argazkilariek parte hartu dute egitasmoan. Horiek hainbat argazki atera dituzte eguerdia bitartean, elkarteak jarritako lau gairen ingurukoak: begidara(k), enfoke-desenfokea, makroa (loreak ez), motoa(k) eta udaberria.

Gaur, igandez, egin dute Udaberriko Argazki Rallyaren 43. edizioa, eta 27 lagunek parte hartu dute aurtengoan. Azpeitiko Argazki Elkarteak jakinarazi duenez, herriko argazkilariak ez ezik, Zestoako, Idiazabalgo, Azkoitiko, Donostiako, Zegamako, Lazkaoko, Zumaiako, Ondarroako, Durangoko, Berrizko nahiz Barakaldoko parte hartzaileak izan dira.

Horiek guztiek 09:00etatik 09:30era eman ahal izan dute rallyrako izena elkarteak Soreasuko Dinamoa sormen gunean duen egoitzan. Kamera eta txartela prest zirela joan dira argazkilariak hara, eta elkarteko kideek eman dizkiete goizean zehar atera beharreko argazkientzako gaiak. Honako hauek izan dira horiek: begidara(k), enfoke-desenfokea, makroa (loreak ez), motoa(k) eta udaberria.

14:00etan bukatu da egitasmoa, eta argazkilariek Dinamoan deskargatu dituzte argazki txartelak. Orain, parte hartzaileek hilabete bueltako epea dute argazkiak aukeratzeko. Horiek apirilaren 6rako aurkeztu beharko dituzte gai bakoitzari lotutako irudiak posta elektronikoz, partaidearen zenbakia eta aukeratutako argazkien zenbakiak adieraziz.

Sari banaketa ekitaldia datorren larunbatean, apirilaren 9an, egingo dute elkartearen egoitzan, 18:30ean hasita. Rallyko irudien emanaldiaz gozatu ahal izango da sariak banatu aurretik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide