Hiru puntu emakumeentzat, eta batere ez, gizonentzat

Julene Frantzesena 2022ko api. 4a, 08:15

Atzoko Urduliz eta Lagun Onaken arteko partidako irudi bat.

Ohorezko Erregional mailako emakumeen taldeak 2 eta 6 irabazi zion atzo Zumarragako Urola taldeari. Gizonek, berriz, Urdulizen kontra neurtu zituzten indarrak, eta 1 eta 0 galdu zuten. Espainiako Hirugarren Mailan jarraitzeko lehian segitzen du gizonen lehen taldeak.

Txanponaren bi aldeak ikusi dituzte Lagun Onakeko bi talde nagusiek asteburuan; emakumeek garaipena eskuratu dute, eta gizonek, berriz, galdu egin dute partida.

Bi taldeek atzo, igandez, jokatu zituzten norgehiagokak. Goizean izan zuten neurketa Ohorezko Erregional Mailako emakumeek Zumarragan (Gipuzkoa), Urola taldearen aurka. Ezin hobeto hasi zuten lehia; izan ere, Nahiak 29. minutuan eta Izarok 45. minutuan sartutako gol banari esker, 0 eta 2koarekin iritsi ziren atsedenaldira. Partida maldan gora jarri zitzaion, baina, Lagun Onaki bigarren zatia hasi orduko; 54. minutuan bina berdinduta ziren bi taldeak.

Handik gutxira partida iraultzea lortu zuten Unai Urbizuren neskek. Hain zuzen ere, lau gol bata bestearen atzetik sartu zituzten: 56. minutuan eta 71. minutuan bi gol sartu zituen Eguzkiñek, 85. minutuan eta 87. minutuan Maialenek. Hiru puntu, beraz, Lagun Onakeko emakumeentzat, Argixao futbol zelaian 2 eta 6 irabazita.

Espainiako Hirugarren Mailako gizonen taldeak, berriz, Urdulizen (Bizkaia) jokatu zuen partida atzo arratsaldean. Bi taldeek izan zituzten gol aukerak lehen zatian, baina hutsean berdinduta iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian gehiago izan zen Urduliz, eta 78. minutuan iritsi zen etxekoen gola. Halaxe bukatu zen partida: 1 eta 0. Punturik gabe itzuli ziren Ander Avellanedaren mutilak etxera, eta gaur-gaurkoz, mailari eusteko lehian jarraitzen du Azpeitiko taldeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide