'Orkestra lurtarra' eta 'Codigo emperador' filmak emango dituzte datozen egunetan Soreasun

Julene Frantzesena 2022ko api. 7a, 08:11

Orkestra lurtarra lana igandean ikusi ahal izango da, 16:30ean hasita, eta ondoren, 19:30ean, Codigo emperador emango dute. Astelehenean, ikusleen egunean ere, Codigo emperador emango dute, 21:00etan hasita.

Bi film ikusteko aukera izango da igandean eta astelehenean Soreasu antzokian. Igande arratsaldean haurrei zuzendutako Orkestra lurtarra lana emango dute, 16:30ean hasita, eta ondoren, 19:30ean, Codigo emperador ikusi ahal izango da. Astelehenean, ikusleen egunean ere, Codigo emperador emango dute, 21:00etan hasita. Hiru film emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eros daitezke, eta emanaldien aurretik ere eskuratu ahal izango dira Soreasu antzokiko leihatilan.

Orkestra lurtarra filma animaziozkoa da, eta Harkaitz Cano idazlearen izen bereko liburua du oinarri. Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce dira haren zuzendariak. Honako hau da filmaren sinopsia: "Orkestra bat sortu nahi du Manuk, eta bertan joko duten lagunen bila abiatuko da: horrela topatuko ditu Lurrinetti anaiak, tronpeta jotzeaz gain, eskailera gainera igotzen den Presidente izeneko ahuntz bat dutenak; Aldika izeneko biolin-jotzaile bat, aldika besapeetan azkura izaten duena; Osoki deritzan triangelu-jotzailea, bere tresna gainean pausatzen den kardantxilo eta guzti; Crocanti izozki saltzaile eta kontra-tenorea… Denen artean musikarik zoroena eta zoragarriena sortuko dute, baita hainbat abentura bizi ere, umorez eta irudimenez beteta".

Codigo emperador, berriz, Jorge Coiraren lana da, eta hainbat aktore ezagunek parte hartzen dute bertan, hala nola Luis Tosarrek. Honako hau da filmaren sinopsia: "Juanek zerbitzu sekretuentzat lan egiten du; arma trafikoan parte hartzen duen bikote baten txaleterako sarbidea izateko, Wendyrengana hurbiltzen da, etxean bizi den laguntzaile filipinarrarengana, eta gero eta konplexuagoa bihurtuko den harremana sortzen du harekin. Aldi berean, Juanek beste lan ez ofizial batzuk egiten ditu herrialdeko eliterik boteretsuenen interesak babesteko, orain Angel Gonzalezengan jarri baitituzte begiak, itxuraz anodinoa den eta trapu zikinak bilatu edo asmatu beharko dituen politikari batengan".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide