Iritzia

Bizi dugun egoeraren aurreko gogoetak

Azpeitiko Pentsiodunen Batzarra 2022ko api. 5a, 13:53

Azpeitiko anbulatorioa.

Azpeitiko Pentsiodunen Batzarrak egungo egoera dela-eta egindako hausnarketa da iritzi artikulu honetan jasota dagoena.

Mozioa

Azken denbora honetan, pandemiak sortu digun egonezinaren ondorioz, mozioa prestatu, adostu eta sartu genuen udalean, eskaera eginez: EAEko Gobernuari exijitu diezaiola lehen mailako arreta konpon dezan.

Gure argumentuak garbiak izan direlakoan gaude. Gabeziak ikusi ditugu, gestio eskasa sumatu dugu, pertsonen eta osasunaren gainetik ekonomia jarri dela, pazienteoi ziurtasun eta konfiantza eza eragin diguna, babesgabe sentitu gara eta sistemarekin konfiantza galdu dugu.

Arazoen aurrean entzun ditugun arrazoi edo zergati gehienek, aurreikusi gabeko pandemia mundu osoan bat-batean etorri izana aipatu digute.

Gure ustez, ordea, pandemia izan da osasungintza publikoan zer zegoen eta nolako ahulezia estrukturala zuen azalarazi duena. Arazoak aurretik zetozen: aurrekontu eta inbertsio gabezia, langile eskasia, langileen gainkarga eta lan baldintza kaxkarrak.

Pandemiaren aurretik erabakitako osasun politikak sortu dituen arazoak dira, pribatizazioa eta prekarietatea; horrek eraman du lehertzera osasungintza.

Arazoen aurrean ez dugu ikusi neurri estrukturalik. Guk, ordea, mozioan, lehen mailako arretan neurriak hartzeko eskatzen genuen.

Esan beharra dago osasun sistema guztia, unibertsala, doakoa, integrala, dagoela arriskuan. Gure ustez, osasunerako eskubideak publikoa ardatz izango duten politikak eskatzen ditu, hau da, publikotasuna sustatzea eta prekarietatea gainditzea.

Protokolo berriak eta hirugarren adina

Hirugarren adinean gaudenon berezitasuna, naturak berak prestatzen diguna da, bizitzaren azken etapan egotearena, alegia; hau da, ahuldadeak, ezinak... eta horren aurrean defentsak bilatzen joango zaigu bizitza. Zaurgarritasuna da gure berezitasuna.

Osasungintzako kontsumitzaileenak gara: medikuak, erizainak, botikak, zaintza... behar ditugunak.

Birbanaketaren zain gaudenak: pentsioak, laguntza sozialak, zerbitzuak, ikerketa, azpiegiturak, egoitzak, etxe tutelatuak, eguneko zentroak, eta abar; herriaren estaldurak behar ditugunak.

Protokolo berriekin, ezintasun gehiago sortu zaizkigu, zuzeneko harremanetatik bota egin gaituztelako eta makina baten aurrean jarri, ezagutzen ez duguna, urrutiratzen gaituena...

Digitalizazioak suposatzen du urrutiratze soziala, harremanak murriztea eta arrakala digitala: konexiorik ez dugulako, Internetik ez dugulako edota menperatzen ez dugulako, asko analfabeto digitalak garelako, lagunduko digunik ez dugulako.

Egoera honi deitzen zaio "gizarte bazterketa". Sistematik kanporatu gaituzte.

Sistema publikotik pribatura

Sistema publikotik pribatura pasatu da pertsona asko pandemia garaian: zerbitzu pertsonalizatuagoaren bila, aurrez aurreko zerbitzuaren bila, telefonozko kontsultak ez dituztelako nahi, Internet bidezko harremanak asetzen ez dituelako, zain egon beharreko zerrenda luzeak saihesteko, eta abar.

Azkenengo bi urteetan, pandemia garaian, aseguru pribatuek izugarrizko igoera izan dute, dirua daukatenek pribatura jo baitute. Beraz, zaurgarrienak etxean eta dirua dutenak pribatura. Hori norbaitek erabaki du.

Fundacion Foessak eta Caritasek atera dituzten datuek erakusten digute Euskadi nola geratzen den pandemiaren ondoren:

  • 334.000 pertsona gizarte bazterketa egoeran.
  • %15,2 txirotasunean.
  • %11,7 osasun arazoekin.
  • 69.000 pertsona medikurik eta botikarik gabe.

Zahartzaroa zenbat eta aurrerago orduan, eta mendekotasun gehiago.

Fase berri batean sartzera goaz

Fase honetan pandemia eta gerra lotu dira, eta eskuineko indarrak beren eredua ezarri nahian ari dira: autoritarismoa, bide antidemokratikoak, estatu, oligarka eta oligopolioen interesen arabera.

Estaldura sozialak birrindu nahi dituzte, estatu errepresibo eta militarista ezarriz.

Lehen urratsak lortu dituzte gainera: diskurtso belizista ezarri dute, segurtasunaren izenean armamentuan inbertitu beharra, armagintza gastuak igotzea, baliabide energetikoen prezio igoera espekulatiboak, janarien zein merkataritza fluxu guztien prezio dantza.

Europan tentsio armamentista sortu da eta Europako Batasuneko estatu guztietan BPGren partizipazioan igoera ezarri dute.

Horren ondorenak argiak dira: KPIa kontrolatu ezin, inbertsio sozialetan atzeraka, eskubideak galdu, txirotasuna zabaldu eta erosmen ahalmenean atzerakada izugarria.

Aurrera begira, zer

Geure oinarrizko eskubideen defentsan mugitu beharra daukagu, eta murrizketen ondorioz osasungintzan zer eredu gelditzen den ikusi.

Estaldura osoa izateko beharrezko inbertsioak egin behar dira: Gizarte Segurantzan, pentsioetan, zaintzan, estaldura sozial guztietan, pribatizazioa publikora bideratu behar da eta prekarietatea gainditu, kontratazio eredu berriekin.

Merkatuak ez ditzala beretzat hartu, irabazi truke, eskubideak, osasuna, zaintza, hezkuntza, estaldura sozialak... biziraupenerako beharrezkoak diren beste hainbat gauza, airea, ura, lurra eta abar hartuak dituen bezala. Eta hau batasunetik bakarrik lortuko dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide