Ukrainako errefuxiatuentzat aterpetxea egokitu dute Iraurgi ikastetxean

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2022ko api. 5a, 19:21

Jesuitinetako mojen etxebizitza zen eremuan egokitu dute errefuxiatu ukrainarrentzako bizilekua, Gipuzkoako Caritasekin eta Azpeitiko Udalarekin elkarlanean. Garbiketa eta txukunketa lanak eginda, "etor daitekeenaren esperoan" daude ikasle, irakasle zein gurasoak. Esperientzia aberasgarria eta polita izan dela kontatu dute Aitor Cordoba zuzendariak eta Iraurgiko ikasle Elena Otaegi eta Naroa Zabalak. 

Iraurgi ikastetxeko ikasle, irakasle eta gurasoek "erantzun xume bezain konkretua" eman nahi diete Ukrainako gerraren ondorioak jasan dituzten errefuxiatuei. Hori dela eta, Azpeitira iritsi daitezkeen errefuxiatu ukrainarrentzako bizileku edo aterpetxea egokitu dute Jesuitinetako mojen bizilekua zen eremuan, Gipuzkoako Caritasekin eta Azpeitiko udalarekin elkarlanean. Ikastetxeko DBH eta Batxilergoko ikasleak arduratu dira gunea egokitzeaz, auzolanean. Garbiketa lanetan nahiz lo egiteko oheak muntatzen aritu dira, besteak beste. Aitor Cordoba zuzendariarekin eta Iraurgiko ikasle Elena Otaegi eta Naroa Zabalarekin elkartu da Erlo Telebista, proiektua gertutik ezagutzeko. 

Esperientzia polita dela adierazi dute ikasleek zein irakasleek, eta aurrera begira egitasmoak zer forma hartuko duen ez dakiten arren, "gogotsu" daude etor daitekeenari ongi etorria egiteko. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide